Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L2G^

Bertso berriak jartzera noa
bistan daukagun jaiari,
ospakizunak izan ahal dezan
pregoia ere atari;
Joseba dugu gau-pasa hontan
show edo-ta gertakari: [I]
bihar erasten dio urtea
lehengo urtarril-sortari,
zahartzaroaren atetan denik
ez zaio asko nabari.

Arratsaldean hor ikusi dut
Dionirekin gustora, [II]
dies natalis zelebratzeko
nortzu ekarri ondora;
lagunen bila begiratu du
etxera ezik kanpora,
bere eguna anuntziatuz
ederki zaigu aztora,
eguerdian jandako babak
bihurtu ditu polbora.

Xaloa eta alaia dugu
Joxeba Etxeberria,
borobil ditu atze parteak,
mardul askoa gerria;
buruz azkarra, hiztun ederra,
badaki azken-berria,
mundurik mundu ibilia da,
ezagun du atzerria,
batik bat Cuba, Che Guevara ta
Fidel Castroren Herria. [III]

Informazio-bide guztien
aitorlekuan jarria,
arranoaren begia dizu,
zakurraren belarria;
irakurtzen du egunkaria
baita liburu larria,
aterako du jakingaiaren
sustrai edo oinarria,
enteratua bezain da berriz
berritsu izugarria.

Ordena eta ordua zaio
gustatzen, ez astrapala,
bakoitzak bere notak garaiz ta
argiro eman ditzala;
bestela oso bero jartzen da,
trumoia bezin itzala,
zaparradarik atera ohi du,
ez da ordea petrala,
eztanda egin orduko itzul
ohi da gozo ta zapala.

Hiru-lau gauza ezberdin ditu
egiten denak batera,
hiru-lau gauzei atentzioa
jartzen diete [sic] gainera;
irratian zer, telebistan zer,
zertifikatu papera, [IV]
aldamenean darabilkiten
autua ere galdera,
halaxe daki kasu egiten,
adi edozein aldera.

Lehen ere sarri eman ditugu
Joxebaren zertzeladak,
baina berriro dira berriak
ohi dituen egitadak:
Errekaurkullun [V] konpondu ditu
ur gaiztoen haginkadak,
Faraon baten podere handiz
tratatu ditu iladak,
Joxebarekin ez du balio
kopla ta badaezpadak.

Besterik bada, bada Joxeba
gizon arras aktiboa:
dena urduri, irudi ere
badirudi gomazkoa;
apenas duen lan bat bukatu,
beste batera hor doa,
oraintxe behean, oraintxe goian,
burrundadea daroa,
non diharduen, han izango da
zalaparta ta orroa.

Noiznahi kapitain, edonoiz morroi,
harro ez bait da mutila,
sekretaritzan, irakaskintzan,
eskulanetan dabila;
denera heltzen zaizu agudo,
denetan duzu abila,
berdin darabil llabeinglesa.
karretilla zein bonbilla,
baloiak ere konpontzen ditu,
bai komun eta sarraila.

Ofizioen lista galduko
balitza inoizko baten,
Joxebagana jo eta galde
zertzu dakizkin egiten;
badaki harotz, elektronika,
ofizina, soinu-joten,
tresna-tresneri guztia daki,
badaki baita non dauden,
Joxebarekin patxadaz bizi
gaitezke ta lasai manten.

Askotarako gizona dugu
askotasuna du dohain,
beste guztiak gutxi balira,
komertziante da orain:
Bilbo aldean ibili zaigu
tente asko eta apain,
Corte Inglés-a miatu dizu
utzi ere azpikoz gain,
merke erosiz jenero ona
fraileak hornitzeko lain.

Madrilen ere izan zen baina
hortaz ez daukat berririk,
nahizta esanak izango ditun
mila detailez jantzirik;
hain bizi naiz ni kronista-lana
Arrietari utzirik,
konta-orduan ez dut aurkitzen
oihalik ezta haririk,
dakidantxoa hementxe dago
bertso hauetan jarririk.

Ezer besterik ez baldin badut,
aitortu dut arrazoia,
ez nuke gura beste aldetik
oker sartu zankarroia;
ez da motibo handirik gabe
eman dizudan jaboia
Errekaurkullun egin duzunak
merezi dizu galoia,
Jainkoak luzaz eman deizula
graziarekin sasoia.

1984 - urtarrila

Gaia 1: Laguna
Azpi-gaia: Lagunak: Urtebetetzekoa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa