Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L3G^

Begira gora, kanta argia,
Kanta, goza maitasuna;
altxa ta kanta anai-arrebei,
goza, kanta ontasuna;
entusiasmo abotsez [sic] kanta
dezagun edertasuna;
goza ta kanta bizi-arnasa.
barreiatu poztasuna.

Zein diren galant egun ederrak,
giro argia zein ona!
Ospa dezagun une hurbila
atzenduz biharamona;
atzar gaitezen, orainaldia
dugu egia sakona,
itxaropena ez da deus baizik
momentuko zoriona.

Duguna dugu, falta zaidana
ongi bedi anartean;
ditudan lagun eta lanen gain
besterik ez dut aldean;
ez daukadanaz ezin balia,
dudanaz ari naitean;
dezakedana onartu nahi dut
errealismo onean.

Konforma gaitzak gara gehienbat
zein garean arloteak!
Lehenari edo geroari so
bizi ditugu usteak:
"ai, egin banu, lortu baneza",
oi, distrazio tristeak!
bizkitartean ihes dagigu,
bertan bera presenteak.

Une bakoitza dudala dohain
besterik ez duk [sic, dut?] nahi jakin;
une bakoitza gura dut bizi
bertantxe egoitza egin;
oraina dizut ordu gorena,
goza ta asaska* nadin,
unea bertsoz ospatuz eta
betiko lotuz hitzekin.

Bizitza ez da harroskiloa:
arrunta da ta apala,
ehun gertakizun soil eta xumek
ehundu daroen perkala,
den normal hortan onets dezanak
haretxek dazau oihala,
haretxek dazau oihala eta
bizipozaren magala.

Ez dezakeena zergatik diot
exijitzen bizitzari?
Zoroarena eginez nabil
hainbat afan ta nahikari.
Oinez aritu ordez zergatik
ibili nahi dut hegari?
Galania* ta haizea kendu
behar diot buruari.

Utopiaren fruituak dasta
nahi genituzke segidan,
paradisuan galazotako
fruitu dontsuak bertan jan.
Enpeinu zital hortan oi zenbat
kazkarreko hartu dudan!
gaitzerdi nuke eskarmentatu
banendi badaezpadan.

Zorionaren erro daiteke
bestela gure bizitza
edoskiz gero bere baitatik
berez dakarren emaitza;
baina eta gu ezin dezakeen
haren eskean gabiltza;
hortantxe dago arras gizajo
egin ohi gaituen gaitza.

Neure burua behar dut jarri
bizitzarekin konforme,
nerau naiz haren pausoak jarrai
behar dituena erne;
oraingo asmoz iraungo al dut
geroko gerotan firme,
lan eta lagun, leku ta giro
onartuz kanpo ta barne.

Oi uneari adi egoten
inoiz ikasiko banu!
Ohar baneza aldia zein den
aukera eta prestamu!
Eritzi hauek gura nituke
akuilari eta amu
aurrerantzean parada galduz
egundo ez nadin damu.
Aurrerantzean parada galduz
egundo ez nadin damu,
zuri eskaintzen dizkizut, Anjel
bertso hauek erregalu.

1983 - urria

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Denbora
Azpi-gaia: Bizitza: Desirak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa