Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L3G^

Egun ederra lagun dudala [I]
kantuan nahi nuke ihardun;
kolore bero urtuz Iraila
hona non jaukal* daukagun;
zerua garbi, hego haizea,
horbelak airez solastun;
ireki nadin berba berritan
onetsiz hainbat ondasun.

Hegazti zenbait abiatu da
urrun-minaren galtzadaz;
parajeari begira nago
patxadazko begiradaz;
izaki batzu geldi diraute,
beste batzu joan doaz;
neuk ere igo-edo nahi leukeen
joranak* sentitzen dodaz.

Mendi jaioak ingurunean,
tartean argi epela;
landare, gizon eta abere
bai ongi asko gaudela!
onaldi hau zein atsegin zaigun!
ai beti balitz honela!
Denon pozaren bat etortze hau
bai ondo gozoa dela!

Oi, giro garbi, gauzak hain arrai
azaltzen dizkiguzuna,
zein gustagarri zaigun hain aratz,
hain zehatz dakusaguna!
Oi argitako zer-den ororen
bakana eta bakuna!
Bakoitzari so urran nezake
kantuan eman eguna.

Ordu bikainak dastatu ditut
izadiaren altzoan,
hantxe ihardun naiz izaki-jende
xume ta leunen ondoan.
Lagunak ere oi zenbat pozez
gozatu ziren kanpoan
El Pechon-eko kanpinean zein
Larrakolako basoan! [II]

Aldi onenen bilduma egin
nahi nuke bertso argitan
giro ederren omenez eta
lagunen oroigarritan
bakar-zalea naizenez gero
naizta bakarrik sarritan,
lagun laztanen akordua dut
ehuneko berrehun alditan.

Neure pozaren hainbat zorion
lagunoi bait dizuet zor,
gaur zuengana mendietako
kamamila moltxoz nator;
ibiltaldien laket guztia
bildu nahi izan dut nik hor,
esker onaren usain zindoa
inola ez dadin agor.

Mendi maiteak parajearen
ertzak zeruraino jasoz;
berriro ere kurtso berriak
inguratu berri gagoz;
Iraila hemen, Ekaina urrun,
bidea auskalo askoz;
halere muga lortzen ahal dugu
arazoari erasoz.

Horbel hilari orri bizia,
neguari udaberri;
bizitza bizkor ari da lurrez
sortze berrien uberri*;
muttiko-jende berria dugu
bide berritan has berri,
nola ez bihotz onez lagundu
halako talde ederri?

Mila kolore zoragarritan
paraje handiz Iraila
sentimenduen askotarikoz
bidegalduta nabila;
kanpo-giroa barru-giro dut
epela eta segaila;
pinturaz eman beharko nuke
egungo bertsoen saila.

Pozik aurkitzen naizela esan?
esker ona daridala?
sentiak lasai azaltzen ditut
lumara etorriala.
Egun ederra lagun dudala
hasi banaiz bala-bala,
beki Dionik batik bat bere
omenez ihardun nazala.

1983 - iraila

Gaia 1: Urtaroa
Gaia 2: Izadia
Azpi-gaia: Urtaroa: Udazkena
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa