L3G^
Bi anairen omenez [I]
kantatzera noa 
Ekain oparoa, 
bizitza indar guztiz 
ari den aroa: 
landare ta abere 
bizipozak joa, 
betetasun heze ta 
gaitzenera doa; 
garanoen irrintzi 
nahi nuke bertsoa.
Eguzki, haize ta lur
euri eta giro,
dena berokiro,
berde gordina dute
zutitu biziro.
Odola eta zapa*
bolbol dira igo
argi luze naharotan
lasaituz handiro,
udaburuko aintza
berton da berriro.
Ekainak bia du gaur, 
aurki hogeitalau, 
lehenik Sanjuangau; 
hartan dakusdan garrak 
suarki pizten nau. 
Izaki bizidunez 
diharduen su hau 
zirt-zart jasoko da 
jentil eta kristau 
bizipen indarraren 
gara eta garau*.
Oi, bizitza diogun
indar atsegina,
arnasa ta grina,
zein gozagarri dugun
zure eragina;
itxaropenez eta
gurariz egina,
aldiz erosta-soinu,
aldiz irrintzina,
oihuz ospatzen dugu
zure irakina.
Maite zaitugu arras
nonahi ari zaren,
urrun zein aldamen,
ditekeen dohain eta
ondasun giharren;
zuri laguntza eta
zuri begiramen
bizikiz diharduzun
ernetasunarren,
zure zirrarei esker
zein dohatsu garen!
Oles, anaiok, altxa
dezagun ahotsa.
onetsiz jaiotza,
asmo ederren ume
gara-ta bakoitza.
Bizipozetan galduz
buru ta bihotza
ehoz egos dezagun
gorespen otoitza,
betiraungo Ekaina
bait dugu egoitza.
1983 - ekaina