L3G^
Juan Mari Sarasola [I]
dakarkit gaur koplara;
bihar duen urteguna
jarriko dut portada.
Gaiak badu zailtasunik
itxuraren kontrara
ohizko modeluz inola
ezin bait dut konpara.
Frantziskotarren baratza
bai baratz ugaria!
askotarikotasuna
da gauza nabaria;
horra pluralismo-edo
delako miraria,
zeinek norka bizi bait du
ezpala ta haria.
Pertsonaia bakanenak
badu Ordenan leku,
historia ta kronikez
zenbat kasu konkretu!
nor bakoitzak bakoitz dirau
tasun eta proiektu;
Juan Mariren trentina
zeharo da korrektu.
Mozkote ta zabalote,
dena bere moduko,
konbentzionalismoei
egina die uko;
bere presentazioa
duzu horren lekuko:
jazkeraz fardela* eta
arpegiz mameluko*.
Itxurari begiratuz
ibili naiz mingotsa;
beste gauzarik da barruz:
argia ta zorrotza;
azeri ez dela diot,
ez da ere bildotsa;
zer galdurik ez duenez
zuzena du bihotza.
Non zer berri jakiteko
badu aski usmarik,
zain eta muin hunkitzen du
edozein gertakarik
bizi ez balitz bizi da
espantu asko barik,
halere labean surik
badauka Juan Marik.
Sarritan mintzatu ohi da
hitzez baino keinuka,
pizka bat lotsakor denik
ezin lezake uka;
agian beste arrazoi
-zoirik ere badauka,
berez bait zaio maitagaitz
liskarra ta burruka.
Geldoa ta geldia da
tamainako moduz gain,
ohi duen ibilkerari
buruz dihardut orain;
hankak erdi-arrastaka
bata bestearen zain,
ez lebilke geldoago
barraskiloen artzain.
Ahal duenera heltzeko
borondaterik badu;
denboraren gorabeheran
ibiltzen da koitadu;
bestela ezin dut esan
ez dugunik ondradu:
urtearen bueltan egin
ohi du zenbait adabu*.
Berezko xeraz maite du
anaidi ta elkarte,
etxeko arazoetan
lehiaz hartzen du parte;
fintasunik badario
humoreaz aparte,
ez da gutxi, Juan Mari;
agur, beste bat arte.
1983 - otsaila