Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L3G^

Kantua sortzen didala daukat
Joxeba bihotz barruan [I]
poza azaltzen saiatuko naiz
ahal dezakedan moduan;
lagun ederrik egokitu zait
bizi naizen inguruan,
guztiei esker ordu gozorik
igaro dut konbentuan,
orain Joxeba daukat kantua
sortzen didala barruan.

Begi garbiak ditu Joxebak
ezagutu nuenetik,
berrogei urte badira elkar
aurkitu genuenetik;
umetzaroko begirada du
ur-xorta bezain gardenik,
haren barrura ez da hurbildu
amarruaren zedenik*,
zindotasuna dario begiz
ezagutu nuenetik.

Iturriaren berezko lehiaz
ari zaizu emanean,
ur biziaren bizkortasuna
dariola bat-batean;
oso osoan ageri zaizu,
ez dizu ezer gordean,
sanotasunez jokatu ohi du,
askotan bere kaltean,
iturriaren berezko senez,
onginahizko emanean.

Animu ona gainezka, eta
laguntzeko gertu noiznahi;
ezetzik ez du ikasi nonbait,
beti esango dizu bai;
irribarrea berezkoa du,
beti xalo eta alai;
mila gauzatan gizon trebea,
badaki egiten zernahi;
arpegi onez helduko zaizu
laguntzeko gertu noiznahi.

Nagitasunik ez du ezagun,
benetan da frai ahalegin:
irakasletzaz, sekretaritzaz
badu beste lan beredin*;
denera heldu ohi da hain garaiz,
dena hain egiten du fin,
Delegazio ta Inspektore
guztientzat da atsegin;
nori bererik ukatu gabe
bera duzu frai ahalegin.

Egun argitan horra erleak
aidura* eta arazoz;
egun beltzetan ere Joxeba
hor dabil hegoak jazoz;
ez da nekatzen, ez du etsitzen,
ez da izutzen frakasoz,
hor ariko da gaur ezinari
bihar goizean erasoz,
erleak egun argitan bezain
konforme bere arazoz.

Algaratsu ta zalapartatsu
somatu zenezake maiz
hain berez bai da gozotan lehertzen
gustagarri zaion zernahiz;
ustekabean txunditzen gaitu
barre ta karkara alaiz,
gustora nago poz hain erraza
hain argi darion anaiz
besteoi ere horrela irri
eragin ohi digu-ta maiz.

Gorazarrea merezia du
gizon hain entregatuak:
inorentzako bai du burua,
bihotza eta eskuak;
zerbitzuan du gustoa eta
hor ditu afan prestuak,
beteko al du zor dioguna,
idatzi dudan testuak,
gutxiagorik ez du merezi
gizon hain entregatuak.

1983 - urtarrila

Gaia 1: Laguna
Azpi-gaia: Lagunak: Urtebetetzekoa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa