Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L3G^

Antton Aramendiko [I]
basajaun ttikia,
bazterrik bazterreko
bizardun piztia;
neure luma zaharrari
ahalbait atxikia,
kontuz egingo diot
gaurko ausikia*.

Pertsona garratza da
ondo dakit hori,
ez dio ikararik
inongo mandori;
ikutzen zaioneko
jarri ohi da gori,
ez zatzaizkio hurbil
broma ta histori.

Erleekin ohitua da
bi urte inguru,
haiek bezain errea,
haiek bezain judu;
alferrik da mutila
zintzo eta aiduru,
langile den adina
suminkorra dugu.

Baratzean, zelaian,
hor ari da sarri
belar txarrak kendu ta
erpa* onak jarri;
ahuntz-jendeak darabil
nahiko lotsagarri,
nahiz eta haien kontra
txakurra ekarri.

Lolo dizu izena
aipatu txakurrak,
ez ditu jabearen
jazarpen makurrak;
zauzka [sic, zaunka?] ugari baina
eraso laburrak,
lasai ibil ditezke
adardun lapurrak.

Orma eta hesiak
jarri ditu ehunka
baita ere txakurra
atarian zaunka;
lasai ez dabilena
ondo ezagun da,
apenas den kalmante
akerraren sunda*.

Baratza, lore-sailak,
mintegiak, horra
hainbat arduraz zaindu
ohi duen altxorra;
batzutan abereak,
bestetan satorra,
fina den arren badu
lanik nork izorra.

Eskerrak baikor eta
setati denari,
ez damaio amorrik
etsaien temari;
alferrik egin haiek
pikardi ugari,
dzaust erantzungo dio
desafioari.

Erleontziak eta
hesiko taketak,
sotanoko saioak
ez ditu olgetak;
eginkizunei adi
darabil arretak,
jo ta ke pasaaraziz
jostatzeko betak.

Maisu denez zer esan?
azkarra dugula?
buruz manejatzen du
logaritmo taula;
gorputzez xehea baina
abotsez [sic] mardula,
errespeto handian
mantentzen du aula.

Kuaderno pila baten
aurrean da usu
zuzenketa lanari
emana jo ta su;
bestetan teoremen
liburuz daukazu,
Pitagorasen gisa
bekozkoa mazu.

Zientzia-gizonen
zeinua kopetan,
ez duzu ikusiko
behin ere kopletan;
tatxa gabekoa da,
txintxoa denetan,
hala konprobatu du
edozein lanetan.

Serio jantzi ohi da
batatxo xuriaz,
txurrero bat dirudi
hain taiu bitxiaz;
baina kontuz barrerik
hala ikusiaz,
oroit bai zindezkete
apokalipsiaz.

Nahiz saltzen duen arren
abauka* eztia
ez da mutil gozoa,
aukeran lejia;
ez du luze zabalik,
ez da irekia,
erneguz kargatua
dauka bateria.

Bat eta bost sei dira,
sei ta bost hamaika,
geroz estutzenago
ari zait karrika;
hobe da uzten badut
behin erretolika
eta hemendik alde
ahal bezain korrika.

Ez dut nahi haserrerik
Anttonengan piztu
eta bai tertulia
kopla batzuz poztu;
esandako zerbaitez
baldin badut beztu,
gaurkoz mendekurako
deretxorik ez du.

Horrek bai nau lasaitzen
darraidan kantuan,
Azaroak hogei ta
zazpi du puntuan;
bihar dela urtea
jaio zen munduan
gizontxo seriorik
falta bagenduan.

Hogei eta hamasei
urte datozkio,
sasoia ta indarra
nondiknahi dario;
hor utzi dut esanik
zer duen balio,
ez noa luzatzera
zorion ta adio.

1982 - azaroa

Gaia 1: Laguna
Azpi-gaia: Lagunak: Urtebetetzekoa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa