L2G^
Hau dut lehenengo bertsoa,
ea arreta osoa,
indar-kontuan harrigarriak
kontatzera noa:
alferrik gizon flakoa,
dangil itxuratakoa,
Xebero Zinkunegik egin du
marka famosoa. [I]
Arantzazun eta aurten,
gaztainarokoz hain zuzen,
ziento bat mutil darraizkiola
basoan, hor non den;
Atila berak ez zukeen
hainbat sasoi eta kemen,
harkaitzak ere ez dira segur
orain eta hemen.
Lehenengo lana hagea,
zartakatzaileen legea,
begiratu du hurreko tantai
guztien jitea;
mardula eta luzea,
Katedraltako habea,
trinkoenari ezarri dio
haizkora-kolpea.
Han erori da urritza
ez da batere murritza,
larogei kiloz gora bazela
gizonaren hitza; (1)
hutsa astuna balitza,
luzez omen bai zen gaitza:
hamar metrotan gora seguru,
zuzen bagabiltza.
Punta eta abar inausiz,
urkulu garratza utziz,
laster omen zen gaztainondoen
adarrak erauntsiz;
morkotsak erruz erauziz*,
tarteka besangak hautsiz,
pultsu seguruz ihardun omen da
gaztainadi handiz.
Tamainako basajaunik
sekuletan izan denik...
ez omen zuen besorik jaisten
hagaz nekaturik;
Perurenak, entzun dut nik,
ez dadukala berdinik;
Xeberon marka baldin baleki,
baluke zotinik.
Matxuka zein Alvarado,
historiatan hor dago,
Xeberok ere bota du haiek
adina hordago;
sinesgogorrik badago,
presente zenik badago,
gertakizuna hala jaso dut
haien ahoz-aho.
Hagea ikusi guran
ibili nauzu hemen-han,
halako prenda miatu gabe
uzteko ez izan;
jakinaz bat joan nintzan
erreportari zuhur gisan,
baina ez nuen bi ordu luzez
suerterik ukan.
Aieruak hasi ziren,
itxurazko zirudien,
tantai-zaleak basorik-baso
aiduru zebiltzen;
trailerdunen bat zitekeen,
haritzetan ziharduen,
hala ustetan halako harek
jaso ahal zezakeen. (2)
Dudarik bada airean,
argi indardunak arean?
hagak berritzen ari zirenak
zitezkeen parean;
akaso euren onean
tinkatu zuten lurrean,
luzeran zerbait kenduaz bapo
zegokeen ustean.
Gauzak horrela daudela,
oi zortearen krudela!
ez dago ezer argitzerikan
askok nahi bezala;
nahiz eta aurkitzen ez dela,
gauza horren [hain bai] da itzela,
jestaren berri kondaira-zaleek
jakin dezatela.
Ohar bat behar dut jarri
susmo txarren uxagarri,
neuk ezkutatu ote nuenentz
bai diote sarri;
hain zaidanez lotsagarri
hori ez behintzat ezarri,
halako haga ezkutatzea [gorde nuela]
ez da sinesgarri.
Ez da saskarrik basoan
hura non gorde kasoan,
gainera nornahik nindezakeen plaust
koiu* arazoan;
gutxiago nintzen joan
tokiz aldatu asmoan,
ezin bai nuke gura-ta ere
urruti eroan.
Ohar hau ipiniz gero,
zerau diotsat nik bero:
gaztainak-erauz-lana hartuko
al digun urtero;
nahiz ez naizen ahobero,
geratu nahi dut Xebero,
egitadeak bihurtu digu [bai du]
famaren bezero.
Hamalau bertso hor dira
erromantze irudira,
beldur naiz lohitu ez ote dudan
jestaren distira;
ibili naiz ikusmira,
ezinik helduz erdira,
hain da sakona bere handian
gaiaren aintzira.
Aipatzeko hortxe dauzkat
mutikotan edozenbat,
fraiderik ere lekuko bada,
Arrieta behintzat; [II]
dudan balitz bakarren bat
ez dit ardura pelapat*,
Xeberok hori egin duena
hain daukat zihurtzat.
P.D. (3)
Kondairaren maldaz malda
baloratuz egitada,
bururapen hau proposatzea
zilegi bekida:
Zinkun-egi? Zinkun-haga?
Zein hartu eta zein laga?
Abizen hori birmoldazeko
aukera ez al da?