Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L2G^

Musok egidazue
zeuon argi hori
zertxo bat desaiodan
Euxebiori; [I]
ez bai diot ukatu
bertsorik inori,
behin honez gero faltan
ez dut nahi erori;
arren, bat edo bi
esankizun-zori,
nahiz ero nahiz zogi*,
kunpli ahal dezadan da
hori denori.

Eguzkiak non eman
lehenengo musua,
malda haretan ikusi
zuen mundua;
Urrexola deritza
jaio zen puntua,
denbora joanetan
zerbait izandua;
gaur han da mutua,
pinutan galdua,
bertan beratua,
eguzkiaren maite
elbarritua.

Bizitzaren tristura
-bideetan aurrera,
alferrik begiratzen
dugu atzera;
onena joan zaigu
apika gainbehera,
horra Urrexolaren
egoera bera,
noizbait alegera,
gaur berriz minbera,
zaharkindu antzera,
ez bai gara betiko
ere sobera.

Eguzki berberari
galdetzen diot nik
ea bera ez al den
jartzen tristerik;
berak bai du bizitza [bizitza berak bai du]
sortzen hain zuzenik,
bai eta gozarazten
argiz beroturik,
nolatan uzten dik
inoizko maiterik
arras zapuzturik?
Ez ote du merezi
tratu hoberik? (1)

Urrexola han behean,
Euxebio hemen,
beronek ere ez du
lehen aina kemen;
meza-berritakoan
mutil tentea zen,
berezko sasoi gaitza
zitzaion gainditzen;
gaur ez da saiatzen
eskitan ibiltzen,
hasi da kikiltzen,
Urrexola zaharraren [ahularen]
itxurak hartzen.

Irribarrea hor du
iraunkor aldean,
grazia hori badu
orain artean;
ausarta baldin bazen
denbora batean,
kontserbadore zaigu
bihurtu ostean [kolpean];
bi oinak lurrean,
patxada onean,
nahi gaitu mendean,
bide berrien beldur
bai da hurrean.

Banoa zenbait gauza
zuengandik jasoz,
eskerrik asko musok
behin onez geroz:
Urrexola aipatu
dut zuen erasoz
baita zerbait aritu
ere Euxebioz;
gauzok ez badagoz
behar zuten gozoz
ez dira nire gogoz,
ez bai nuen aritu
nahi taratuloz.

Azaroa kolorez
jantzi zaigu apain,
pintura zoragarri
girotan Haizgain; [II]
nahiz egun Urrexola
ez den lehenago lain,
hego-antza bai dabil
bazterrez gainik gain,
gori-horiz [sic] lirain
dena bai dago hain
suzko kuadro bikain,
ikusgai hau eskaini
nahi dizut orain.

Goza zaitez zakonki
zeure jaiotokiz,
hartaz mintzo bai zara
behin eta berriz;
nahiz ez den hain ederra
besteon [gu-euron] eritziz,
zuk baduzu ikusten
guk ez dugun begiz
zagozkio irriz,
adurrari utziz,
irudimen handiz,
ez diren gauzak ere
pozik ikusiz.

Zure jaioteguna
biharkoz dugunez,
zorion opa dizut
bihotz bigunez;
nahiz mintzatu natzaizun
lar askatasunez,
ez zindudan mindu nahi
sasi ta asunez;
baizik maitasunez,
musei erantzunez,
aritu naiz unez,
egia nork kantatu
behar duzunez. (2)

Gaia 1: Laguna
Azpi-gaia: Lagunak: Urtebetetzekoa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa