Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L2G^

Peli ta Loli ditut
egungo kantagai,
haien ezkontza-pozak
bihurtzen nau kanpai:
toberak joko ditut
egundoko alai,
eztei-soinu ederra
zabal dadin nonahi,
jende guztia bai dut
pozik ikusi nahi.

Maitasun indartsurik
bizi da lurrean.
Bafada handiz dabil
ihardun ederrean:
adiskidetasuna
sortzen du denean
urrunak urreratuz
elkartasunean
bihotzei dagokien
giro samurrean.

Festa pozgarria da
ospatzen duguna:
Loli eta Peliren
eraztun eguna.
Hor dute zigilatu
bien batasuna,
eramankizun gozo
bekie ituna
gehitu ta ondu dezaten
elkar-maitasuna.

Zorion eguna dut
egun hau benetan,

anaia ikusten dut
laguntza onetan. [I]
Bere aldetako ta
ez nire kaltetan,
koņata ekarri dit
uste-ez-ustetan.
Portatu zara, Peli,
oraingo honetan.

Nahiz eta apenas elkar
ezagutzen dugun,
hona non zainez odol
bera darabilgun;
nahikoa dugu elkar
maitatu dezagun;
Jose ta Anastasiri
gatzaizkie zordun,
egun hain oparoan
eskertu ditzagun.

Aitaren humorea
oroitzen dut hemen
urtenaldi ugariz,
zantzo alai baten.
Ama, berriz, guztia
ikusgura bait zen,
zeruak ez badie
talenturik eten,
ez da zail pentsatzea
zein tenorez dauden.

Gusto baduzu, Peli,
egia aproposa.
zeuk zenion amari
eman azken-poza.
Noizbaiten bait zenuen
aipatu ezkontza,
gogoan daukat harek
jalki zuen boza,
gaur merezi lituzke
pare bat larrosa.

Akordu eta nahaste,
hona hemen gaia,
garauak bere du
uruna ta zahia.
Gauzak gogoratzeko
beti da garaia,
ez da zertan banandu
bihotza ta mahaia,
batik bat maitasuna
dutenean gaia.

Lekutako ginenok
lehenagoan, hara,
ezkontzari eskerrak
gaur etxeko gara.
Eraztunak gaituzte
batu honetara:
hemen gagoz betiko
lagunen erara,
elkar-arte onean,
ihardun eta algara.

Poza dugu egungo
jario zabala,
maite gaituzten denen-
gana dihoala.
Ezkonduen ohorez
gurari leiala:
gaizkien dagoena
bego gu bezala,
eztei-bitsetan buru,
barru ta azala.

Hau da ospakuntzaren
gustoa ta adurra,
batasunaren festa
alai ta samurra.
Trukatu baitu duzue
uste on zihurra,
zuei, Peli ta Loli,
zorion-agurra,
jadets* dezazutela
maitasun gailurra.

Urte luze argiak
elkarren ondoan
bata-bestearentzat
laguntza naharoan.
Senti beti bihotza
etxeko giroan,
ezkontideen arteko
harreman gozoan,
egun hau bedeinkatuz
bizitza osoan.

Atsegin eupada bat
jo nahi dut oraindik,
denok agurtu gabe
ez noa hemendik.
Badut bakoitzarentzat
hainbat zorionik:
luze ta zabalean
zaiteztela onik,
bizipozaren poza
euzue sakonik.

Gaia 1: Laguna
Azpi-gaia: Lagunak: Ezkontzakoa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa