Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L2G^

Martxoak sei du Udaberriko
zelaitera bidean,
burubeltxaren pronostikozko
kantu laburrak airean,
ernamuin-xortak jartzen ari zen
norbait landereen gainean,
Joxemariren eguna zela [I]
kontatu zidatenean.

Berealaxe zait abiatu (1)
oroitzapena egari,
hasieratik nahi diot heldu
egungo kantagaiari;
gose-garaia bai zen orduan,
han nenbilen ni usnari
jantoki bueltan, zer ebatsiko
Frai Frantzisko [II] mahai-zaiari.

Frai Frantziskoren laneko lagun (2)
han zenbiltzan zu nolabait,
akordu zahar hau gogoratzea
zilegi bekida ahalbait;
jana gorraztu [sic, garraztu?] zitzaidan zera
edo esan nizun nonbait,
eman zenidan xagarparea
inola ezin ahaztu zait.

Beste harreman hurbilagorik
luzaro ez dugu izan.
Antzina zela irudizen zait,
gogoratzen dut inprentan.
ELORRI edo, ez naiz oroitzen
zer ote nuen moldetan,
han zen makinan Fraijoxemari,
zeinetan ezin dut esan.

Geroztikoa nabaria da
urteetan bait dabil txofer;
kilometroak zehar bota du
hamaika ejemplu eder.
Langile alai, pertsona jator,
jainko-gizona halaber,
Santanan ohi du meza-mutiltzan
Aitamartinen bereter. [III]

Akordu txarrik badut horratik
Joxemariri lotua,
goardiak bide, Bidaurretako [IV]
atondotan gertatua:
Alto bait zigun kontrolak bota,
geratu behar autoa;
ez zen batere gozoa izan
eman ziguten tratoa.

Eztabaidarik nahiko euki ta
azkenean koartelera,
ez dut berriro oihukatu nahi
hango festen kartelera;
egin ziguten nahiko mehatxu,
trufa, laido ta galdera.
Auzi hartatik ez ginen irten,
nahi bezain pronto, kalera.

Oroitzapenak, gertakariak,
nahiz diren lakar, nahiz legun,
Joxemari, zeu izan zaituzte
hurbileko nor ta lagun.
Huts diren arren, omenaiatan
aipatu gura nizkizun
zure jaiotza-bataio-jaia
ospatzen bait dugu egun.

Gaia 1: Laguna
Azpi-gaia: Lagunak: Urtebetetzekoa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa