Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L2G^

Arrazoi bakar
bat berak gaitu
batzar hontara
ekarri,
ezkongaiontzat
dugun bihotza
gure arteko
lokarri;
elkarrentzako
sentitzen duten
erakarmena
oinarri,
maitasunezko
egintza dugu
ospakizun ta
jaigarri.

Gertakizuna
normala bezain
sakona da ta
jasoa:
bi gizakiren
bi etorkizun
baten biltzeko
asmoa.
Gauza argia
alde batetik,
bestetik miste-
rioa;
enkontru hontan
ez gabiltz urrun
gizonok eta
Jainkoa.

Gauza normala
ikusten dugu
haur berri baten
jaiotza;
gurasoenzat
mirari bat da,
hunkitzen die
bihotza.
Normala baita
emakume ta
gizonezkoen
ezkontza,
halata ere
ezkongaientzat
hain da eder ta
arrotza.

Horra bihurtu
harrigarrizko
normaltzat dugun
ohitura,
ari bait zaie
bihotzez bihotz
bat bera diren
lilura.
Halakoa da
sentitzen duten
bozkario ta
goidura,
non-eta jada
hasia duten
sakramentuzko
bentura.

Maite direnen
aurrean gaude
poz beteari
begira,
guregan ere
poza ari da,
haiei darien
distira.
Ezkontza orok
dakar mundura
esperantzazko
segira,
maitasunaren
kimu alaiak
artan jaiotzen
bait dira.

Nahiz-ta ezkontza
gauza ona den
besterik gabe
ta berez,
ederragoa
ageri zaigu
goiagerpen e-
ta fedez.
Badu aipurik,
badu osperik
ezkontzak Idaz-
ti Deunez,
batik bat Jainko-
hartu emanen
irudi gore-
na denez.

Ospatzen dugun
gaurko gai honi
eskaintzen diot
bertsoa
goratuz gauza
hain normaletan
agertzen zaigun
Jainkoa.
Bedeinka beza
gertaera hau,
gida bezaigu
gogoa,
bero mantentzen
jakin dezagun
maitasun-giro
gozoa.

Gaia 1: Laguna
Azpi-gaia: Lagunak: Ezkontzakoa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa