Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

Ik. Olerkiaren konposizio grafikoa .pdf formatuan

L2G^

Nahiz Udazkenaren sugar gozoa
itxungitzera jaitsi den gaur
elurra,
nire begiotan oraindik
kolorezko sugar hark
dirau,
ta,
Aramendiren goratzarrez ari dugun [I]
ospakuntza hontan,
hura dut kontakizun
hura eskainkizun.

Noan, esanda, heldu
natzaizu mendira,
nire musak basoan
bizi bait dira.
Arnasez laguntzeko
konforme balira,
Azaroaren ondran
joko nuke lira;
direnei begira,
miresten dut bira,
hainbeste distira,
hau bai dela jira,
koadro ederragorik
ezin desira.

Artasotik begira, [II]
ari dut kantua,
hainbat kolore gozoz
liluratua:
berde, beilegi, okre
gorri ta larua,
inguramen handian
zabal banatua;
zeru tindatua,
zoru nabartua,
argi orbandua,
Regoyostatua;
sasoi eta lekuon
ongi landua!

Soro ta larre margul,
bideak horbelez,
hego haize alaia
sorgin-pintzelez:
irak aukeran uger,
sasiak ubelez,
bagoak larrosa ta
larantxa epelez;
aire zerrepelez*,
haranez, mazelez,
animu zarbelez*,
kolore koktelez,
lur antzaldatuz noa [nabil]
gusto itzelez.

Haizerrek iziotu
zigun Udazkena,
zuhaitz adarrez doa
su ederrena.
Alertzez, urkiz, bagoz
lamada gurena
zoragarri ari da
basoak barrena!
Urren eta urrunena,
oker nahiz zuzena,
gozamen gailena,
kolorez da dena,
to, Aramendi, hartzak
koadro gorena.

Gaia 1: Laguna
Gaia 2: Arantzazu
Azpi-gaia: Arantzazu: paisajea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa