Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L2G^

Udazkena joan zen,
latza doa negua,
behelaino bustia geldi,
geldo azpian sua;
Sutondoan uzkur dago
mutilzahar egartsua
antzu daudelako beztuz
pitxarra ta basua.

Sudurra gorri-more,
eskuak hozpeldurik,
frakak lasto-fardo baten
alanbreaz loturik,
taju egokiagoaz
jantzi da mozorrorik,
Osinagan [Urrexolan] ez da jada [I]
txori kume [txori kanten] beldurrik.

Ohe zimurra zikin,
uger zaplaztaz mahia,
sukaldetik ganbarara
han da lizun usaia!
Oraska* hiroa* hutsik,
azkenetan urdaia,
eztei festak ospatzeko
a zer hotel alaia!

Aita-amak utzia du [utzi zien]
etxalderik nahikoa;
ganadu, soro ta zelai,
Osinaga osoa.
Konfiantza guztiz zuten
lonbrau maiorazgoa,
nahiz ta ez izan aurrena [nahiz ez zen aurrenetako]
ez ta normal jaioa.

Urte batzuk harro ta [eta]
bestetzuk apalago,
orain teilape eskargan
izkutaturik dago.
Tximiniko gelatzuan
lapikoa lehenago,
kerik ere ez da egun
hautsa baino gorago.

Arras jo zion kuku
ondasunen harilak,
alferrik maiorazgoak
dituen abantailak!
Anaiek zapuztu zuten,
aita-amen penaz hilak,
gogoeta eder asko
ezin egin mutilak.

Ai, ene, garai baten
izan zuen aukera!
Maiorazgo ere bai ta
sasoi ona gainera.
Arbuiaz ezezta zuen
nesken hainbat galdera.
Besteak beste, frailetan
sartu balitz, sikera!

Uxabio deitura
ez du entzun urteetan.
"Hi, mutil zahar", diotsate
behar duten denetan.
Minak barruan du jotzen
hezur eta muinetan,
izena ere galdu du
deskuidoren batetan [ondra-litsen kaltetan]. (1)

Noizik behin leihora ta
handik urrun begira.
Ohartu gabe jarri da
Aloinako hegira.
Zabalduz dihoakio
tristuraren aintzira,
ai, damua ta negarra
ezertako balira! (2)

Uxabiok [Urrexolak] zantzorik*
ez du aspaldi bota,
zelaietan, soroetan
albitz*, sasi ta ota,
ganadurik ez itoian,
oilorik gabe kota,
horra etxalde zabala
sekulakotz lur-jota.

Zitekeena esan dut [Gerta zeikeena diot]
hala balitz bezala.
Arriskuan izan zenak
zerbait pentsa dezala.
Duda gabe ez du egin
eskapada makala,
ez bekio alferriko
nire ihardun apala. (3)

Gaia 1: Laguna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa