Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Zeuoi gizonezko
nahiz emakumezko
isiloi, ahantzioi,
zeuoi eskerrona.
Zuok zeuon lanez,
zeuon ahaleginez
eraiki duzue
herrien bakea
eta garapena.
Zeuoi nahi dizuet
aldarea jaso.

Inoren menpean
aritu zarete,
inoren onean
akitu zarete.
Zurgatu zaituzte,
baztertu zaituzte,
gosez ihardutera
behartu zaituzte,
pobre bizitzera.
Zeuoi nahi dizuet
aldarea jaso.

Kontaezin hainbat
zarete gizonok
bai emakumeok,
aurrerapenaren,
kulturaren eta
zibilizazio
deituaren bide
lakarrean jausi
zareten gaisuok.
Zeuoi nahi dizuet
aldarea jaso.

Gero ta hoberantz
dihoan bidea
ordainduz zarete
biktima bihurtu
aurrerakuntzaren
ongitasunaren
nahitaezko ate
bait balitzateke
zuon heriotza.
Zeuoi nahi dizuet
aldarea jaso.

Laneko istripuz,
kaleko estropuz,
abandonuarren, (1)
armen oldar gaiztoz,
ideologien,
erligioaren
edo nazioen
morroi erabili
eta hil zaituztenoi,
zeuoi nahi dizuet
aldarea jaso.

Hainbeste zarete
ontasun handiaz
gure ongundea
mamitu duzuen
martiri isilok,
zuetaz oroituz,
zuen lan gogorra
sakonki eskertu
gura nizueke.
Zeuoi nahi dizuet
aldarea jaso.

Gaia 1: Jendea
Gaia 2: EHerria
Azpi-gaia: EHerria: Borroka
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa