Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AAP^

Gizonak bazekien arbola ez zena.
Baina gizonak arbola antz nolabaiteko bat
bazuela ikusten zuen.
Arbolei begira
arbolen irudia
bere burura aldatu balu bezala, ala bere irudia
arbolatara aldatu balu.
Gizonak bere burua azaldu behar zuenean
arbolaren irudira jotzen zuen, arbola bere
agerpide bait luen. [I]

Idazten zuenean orri bat ematen zuela zirudion, orri bat zainen markaz sinatua, aidearen pentzura aideratua, begiren batek, agian, ikus zezakeena.
Arbolek arnasa hartzeko sortzen ditute orriak, sustraiez gora datorkieten [sic] esnea lantzeko, buruari haize egiteko.
Kideko premia berak eraginda idazten zuen gizonak ere.

+++

Arbolen problemak eta gizonarenak ez dira denean berdinak. Horregatik askok eskandalu hartzen dute konparazio hau dela-ta. Batek entzun behar izan ditu gordinak ere. -Arbola? Ni gizon naiz eta giza arazoa bizi dut: Problema sozialak, etikuak, ekonomikuak, demografikuak, erlijosoak-eta. Ageri denez arbolek ez dute problemarik. Baina hala balitz ere, nik arbola nahi dut nere arazoen agerbide.

+++

Gaur egun gai larriak idaztera behartua dago gizona. Politikaz idatzi behar du, Marxismoaz eta haren dialektikaz, industrializazioaz eta hargandiko kutsaduraren harriskuz, medizinaren, aerodinamikaren eta zientziaren mamiz, ardatzez, erroz, garrantziz eta horren oihartzun behar du izan orotan eta bakarrik. Pitokeri eta txilibitukerietan ezin lezake astirik gal gizon idazleak.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Idazlea
Azpi-gaia: Bizitza: nortasuna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa