Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

UBM-1^

Aurrez aurre dator
—koadru marroidun jaka—,
eskuinetik igaro natzaio,
—alkandora horia ta korbata nabarra—,
Eskuinetik igaro zait
—jertse krema argia, fraka grisaskak,
pauso azkarra—,
aurreko gizataldea barna
galdu du bizkarra.
Edotariko aurpegi, janzkera,
tamaina ta adinekoen erdiz igaroz noa;
zenbaitek pasatu egiten nau,
nik ere pasatzen ditut batzu,
beti ere pasatzen nau bat edo bestek,
nik ere pasatzen dut inor.
Trikitx egin* duguneko galdu zait,
aurrea hartu didana ere galdu zait
—jaseko* soin eta berna—;
askotariko aurpegi, janzkera,
tamaina ta adinekoen tartean galdu zait;
zenbaitek pasatu egiten nau,
nik ere pasatzen ditut batzu,
beti ere pasatzen nau bat edo batek.
Eskuinetik igaro natzaio
—butano koloreko nikia, gerriko beltza
eta fraka lilak—,
eskuinetik igaro zait
—bakeruak eta ile luzea solte—.
Edotariko aurpegi, janzkera,
tamaina ta adinekoen erdiz aurrera,
aurrez aurre datorren askotariko jende tartez;
zenbaitek pasatu egiten nau,
nik ere pasatzen ditut batzu,
beti ere pasatzen nau bat edo batek,
nik ere pasatzen dut inor
—pieza bateko gona beltza gorputz lodi baldarrean—;
beti ere aurrez aurre datorren
askotariko aurpegi, janzkera
tamaina ta adinekoen erdiz aurrera ta aurrera,
batabestea pasatuz,
askotariko jende tartez,
Lagranbiaz, Alkalaz, arratsaldeko lana
utzi osteko ordu lasai eta koloretsuz. (1)

Gaia 1: Hiria
Gaia 2: Jendea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa