UBM-1^
Zergauza bakoitzarentzat izen bana dukegunean,
gauza bakoitzaren izena dakikegunean,
bizitzako gauza bakoitzaren izena nota huts baino
akorde bete dakikegunean,
gure begiok dakuskiguketena,
gure belarrioz datorkigukeena,
adimena uki diezagukeen ororentzat
hitz zehatzak dituzkegunean,
errealitatez eta hitzez jabe gaitezkeenean,
orduan ez dukegu eragozpenik izanen
hitzezko paradisu bat sortzeko.
Bitartean paradisurik ez dago,
bitartean eginberri gara,
oraindik ez dakigu gauzen izenik.
Besakozkor handiak ditugu
baina ez dakigu gauzen izenik,
soldaduzka egina dugu
baina ez dakigu gauzen izenik,
unibertsitatean titulatuak gara
baina ez dakigu gauzen izenik,
ezkondu ere egin ginen eta familia hazi
baina ez dakigu gauzen izenik,
jakin usteko pausoz ari gara
baina ez dakigu gauzen izenik.
Gauzei izenik ezarri aurreko
lehen-garaitan gara oraindik.
Zazpi urteko izpiritu bizitza
bizi dugu oraindik.
Juxtu ohartzen gara geure buruz
juxtu geure buruaren erantzukizunez.
Zazpi urteko gara
eta errealitate ikaragarri handi eta ugari eta
aspaldiko baten erdian bizi gara
eta ez diogu ezarri izenik,
ez diogu asmatu izenik,
ta ez dakigu. (1)
Errealitateak itotzen gaitu gauzaz,
edotariko teoriaz, sorketaz, aurrerapenez,
jakintzaz,
baina guk ez dakigu direnok zehazten
xehapenezko hitzez, eta
gutxi gora behera mintzatzen gara
gorabehera gutxi duenez,
ez baitakigu
gauzen izenik,
euskaraz gauzen
izanik. (2)