Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

UBM-1^

Pandero hau plazaratu
aurten baita plazaratzen
pandero hau plazaratu,
mozkeriatan jausteke
ezin nindeke geratu
jotaldi berri hau gabe.

Banintzateke dohatsu
ahal banendi-ta portatu.
Biziki nahi dut ospatu
hala urte hau batez be:
aita-amen ezkontzatiko
berrogei eta hamar urte.

Mila bederatzirehun ta
hirurogei ta hamazazpi,
Urriaren bederatzi:
Eztarri bete gorantzi
Orbelaungo Jose eta
Larrostako Anastasi.

Dantza saio hau dohan da,
hasi mesedez erronda,
dantza saio hau dohan da,
neuk dagizuet gonbita:
Bi euskaldun nekazari
saiaturen omenez da.

Hautsiko dut panderua
neure tristuraren kontra
hautsiko dut panderua,
eskaintzen dudan errondan
gurasoen omenetan
dantzatzen ez bazait plaza

. Aire hau airera doa,
airetan dizut eskaintzen,
aire hau airera doa;
egizu zeuretzakoa
gurasoentzat nahi dudan
zoriontasun gogoa.

Pandero hau plazaratu
aurten baita plazaratzen
pandero hau plazaratu,
urte hain seinalatuan
jotaldi hau eman gabe
ezin nintzen asaskatu*.

Gaia 1: Familia
Gaia 2: Festa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa