UBM-1^
Hegaztientzat pausarri,
arrainentzako uharri,
hegaztientzat pausarri;
ai ninduke lur maiteak
zerbaitetan lagungarri.
Maite dut eta banabil
maitea nola zerbitu;
urteak zehar lora ta
-maite dut eta banabil-
ipuinak dizkiot bildu.
Giroak landu egurrik
ekarri diot menditik;
uren oldeak luzaro
mizkatu hibai-harririk,
giroak landu egurrik.
Nekatzeraino ihardun dut
atsegin eta dolore;
nekatzeraino ihardun dut,
ukabilak erabili
ditut maitearen alde.
Maitearen amorez naiz
aritu kalerik kale,
herriaren amorez naiz;
jadetsi diot hiriko
zenbait oroigailu ere.
Badakit aski ez dena,
besterik behar duena,
badakit huskeri dena;
semearen falta baita
nire maitearen pena.
Bihotzean haurra eta
haurrik esnatu ezina; [I]
bihotzean haurra eta,
gizalditakoa dela
Euskal Herriaren mina.