Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

HAE^

Lantxo hau eskatu zidatenean, ez zidaten eskatu estudio bat osa nezan. Horretarako historialari bat aukeratuko zuten. Niri, ulertu nuenez, Jorge Oteitzari buruzko nere oroitzapen eta bizipenak eskatu zizkidaten, eta horra:

1952-1954

Jorge bi alditan aritu zen Arantzazun: bata, 1952-54 urteetan eta bestea, 1968-1969 bitartean. Bi aldi horietan ezagutu nuen Jorge. Lehenengo aldi hura urrunago eta ilunagoa dut, baina Jorgeren irudia nahiko argi mugitzen da nire oroimenean. Bera da Arantzazura bildu ziren artisten buru. Larak, Basterretxeak, Eulatek eta Oizak berak entzun egiten zioten Jorgeri. Oizak berak ere entzun egiten ziola esan dut. Ez dago Oizak ekarri zuen basilika berriaren proiektuari eta gerora eliza berriak hartzen duen itxurari begiratu besterik. Oizaren proiektuan aurreko bi dorreak luzeagoak dira, dorre horien erdian eta frontisaren gainekaldean bi arku ilara ageri dira bata bestearen gainean. Frontisean bertan, Ama Birjinaren eta Apostoluen irudiez gainera, beste dekorazio elementu batzuk ere badira eta abar. Hemen Jorgeren eragina handia izan zelakoan nago. Jorge biluztasunaren zale zen, egiaren zale. Entzuten nagokiola dirudi: zer egiten du dorre bi horien tarteko arkuteria horrek? Zertarako bi dorre hain altu horiek benetako kanpandorre izan behar ez badute? Eta ondoren dorreei altura kendu zaie, arku faltsu haiek ere kendu egin dira eta frontiseko betegarriak ezabatu. Oizak Jorgeri entzun egiten zion eta gauza askotan kasu egin. Beste horrenbeste esan nezake lehen planuetan ageri den elizako artesonaduaz ere. Desagertu ziren Oizaren planoan ageri diren artesonak, gaurko bobedari lekua emanez. Bitartean Jorge bera bere apostoluak moldatzen ari da, jenderik gehienaren ulertezina gorabehera. Gorputz irekiak moldatzen ditu bata bestearen ondoren. Gorputz irekiak, soberakin duten guztia kenduz, izpirituaren faboretan.
Jorge bera da guk gazteok gehien erakartzen gintuena ere. Ahozabalik edukitzen gintuen bere ateraldiak entzuten. Baina Oteitza izugarri konprometatzailea da edonorekin eta guztiekin eta edozein modutan. Horregatik dauka adiskide gutxi. Eta beti izango du gutxi. Lehenengo egunetan Oteitza nik urrutitik bakarrik ikusten nuen. Beste batzuk sartzen ziren ni baino aurrerago. Fraide inportanteak. Oteitza laster hasi zitzaien denei: ¿Y tú qué haces? — Nik, ba, esaterako, Morala irakasten dut. Erroman hori ikasi nuen, doktoradutza atera nuen, eta abar, eta horixe irakasten dut. Oteitzak berehala: Euskaldunaren portaera morala, euskaldunaren sentsibilitate eta plegu sexualak eta, horiek estudiatuta al dauzkazu? Horietaz arduratu al zara? Zein da euskaldunaren obligazioaren zentzua? Sozialtasunaren balioa? Ikusi al duzu euskaldunak nola erreakzionatzen duen moralari dagokion guztian? Zein duen euskaldunak bere moraltasun eitea? Etengabeko bonbardaketa. Jakina, inork aintzat hartu ere ez horrelakorik bere karrera guztian. Horrelako kezkarik sentitu ere egin ez duenak bere bizitzan, orduan gainera orain baino gutxiago, arazoa bera ukatu egiten du eta hurrengo egunean ia ez da agertzen. Berdin teologuaz: Eta ¿Qué haces tú?, galdetzen dio hari ere. Eta erantzuten du, teologia esplikatzen duela. em>—Euskal gizakiaren eta Jainkoaren arteko harreman, lotura, distantzia, erlazio hori, bizipen hori, estudiatuta daukazu apika? Honelako galderak egiten zituenean, galdera horiek hain ustegabekoak dira, hain supituan agertutakoak eta hain inpentsagarriak, inkomodatu egiten zuten.
Ondorengo honetan organista joan zaio. Ni organista naiz. Eta euskal musika eta euskal musikaren adierazpen erlijiosoa eta espresibitatea, eta musikan aidera litekeen euskal arimaren zera, estudiatuak al zeuzkan, ba? Hori, bazeukatela Azkuek eta, A. Donostik eta Riezuk eta, bazeukatela zerbait ikertua. Bazeudela horretan aritzen zirenak. Baina berak... Oteitzak bakoitza bere arloan xaxatzen zuen, denak gogaitu arte.
Jorge bere apostoluak eskaiolatik harrira pasatzen ari zen Gotzaindegitik lanak bertan behera uzteko agindua heldu zitzaionean. Ordurarte egindako lan guztia lurrean geratu zen, errepide bazterrean, Azkartzako bihurgunean, [I] hamalau urte luzetan. Jorgek haserre hartzen du debekuaren berria. Gero animua erdi galdurik eta erdi durditurik* dabil, erdi eroria eta guztiz nekatua alferrik bizitzen.

Tiriki, tauki, tauki, (1)
mailuaren hotsa.
Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa. (2)
Hamasei harri lantzen
ari da Oteitza.
Ai, oi, ai,
ari da Oteitza.

Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Mailua penazkoa
harria gau beltza.
Ai, oi, ai
harria gau. beltza.

Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Etsipen kolpe bat da
ukaldi bakoitza.
Ai, oi, ai,
ukaldi bakoitza.

1968-1969 [II]

Hamalau urteren buruan berriz itzuli zen Arantzazura eta hemen izan genuen bere bizitzako ametsik ederrena mamitzen. Berriz ere Arantzazu artegune bihurtu zen. Zetorren guztia gonbidatzen zuen buztina moldatzera eta doan hartzen zituen maisu pedagogoaren irakaspenak. Seminario zaharreko jantoki izandako lokalean oroitzen dut Jorge, gehienetan bakarrik eskuarteko buztinari edo eskaiolazko irudiari alde guztietatik begira, hemen ukitu bat, han beste bat eginez, hartan atentzio guztia zuela. Jorgek ia urte bete bat eman zuen aipatu lokal hartan. Hura zuen tailer, hura bisitagela, eta hura batez ere eskola. Leku hartan jende asko ibiltzen zen Koldo Aspiazuz aparte: han ikusi nituen Pelay Orozko, han Blas de Otero, eta nire oroimenak isiltzen dizkidan beste asko. Eta gazteak ere asko hurbiltzen ziren Oteitzarengana. Delako lokal horretan harrapatu ninduen aurrez aurre:
—Y tú, además de dar clases ¿qué haces?
Eta:
—Nik ezer ez.
—Badakit poesia idazten duzuna.
—Ez, ez. Oker zaude: nik idatzi, liburu bat egin nuen, eta orain ez dut gehiago idazten.
—Zergatik ez?
—Ez dudalako idatzi behar. Nik egin dut, nirea eginda dago.
Baina Oteitzak:
—Idatzi beharra dago, inork ez du idazten herri honetan, mutuen herria da hau, idazten ez dakitenen herria da, ahal duenak idatzi egin behar du, obligazioa du idazteko!
Eta hain da baina dramatikoa bera! Zuek badakizue Oteitza jestikulatzaile izugarria dela: da, ba, teatro bat, horretara jartzen denean. Eta jarri zitzaidan behin, jarri, besoak altuan, profeta izutu baten antzera, Jainkoaren amorez edo, ez naiz ondoegi oroitzen, herri gaixoaren amorez, baina idazteko.
Azkenean, egia da, bakean egoteagatik eta Oteitzarekin egoteagatik batez ere, amore eman nion, eta poesiak egiten hasi nintzen berriro. Eta hari erakusten. Nik horrelaxe ondu nuen Hiru gizon bakarka. Oteitzak ipini ninduen berriro idazten.
Susmoa dut Oteitzak puntu egokitzat hartu zuela Arantzazu bere maisutza zereginerako. Seminarioko mutikoek errekreo garaietan lantegira egiten zizkioten bisitetan ez zen inoiz asaldatzen, alderantziz, ongi hartzen zituen eta lan egitera eragiten zien. Era berean, pozten zituen teologiako ikasleak ere eta sekulako grina piztu zien bai tailugintzarako, bai pinturarako. Teologoek fundizio bat egin zuten, eratzen zituzten irudi eta tresnak metalera pasatzeko. Eragin haundia izan zuen Jorgek Arantzazun. Ezarian-ezarian, hasieran etsai zituenak berak ere irabazterainokoa. Frisoko iruditeria bukatu zuenerako ia ez zegoen inor Jorgeren obra hura gustatzen ez zitzaionik edo onartzen ez zuenik. Baina eraginik haundiena Arantzazura heldu zenetik harengana hurbildu ginenok jaso genuen. Izan ere, ordurartean bai eskolan, bai liburuetan ikasten genuen arte moduaz nabarmenki diferentziatzen zen ikuskera bat baitzekarren. Ordurarteko estatuariak edo, iruditegi erlijiosoak bere perfekzio anatomikoaren bidez eta bere azaleko espresioz azaltzen baitzigun bere izpiritualitatea, Jorgek zegian estatuateriak irudiaren beste era bateko espresioz azaltzen zuen bere izpiritua, ia erabat aldarantzizko bidez, gorputz doi-doi sujerituz, enbor irekiz eta hustuz, entregatuz. Ikustekoa da Arantzazuko apostoluen frisoa eta frontis bereko Andre Maria doloretakoaren airea. Haiek ia ez dira bizi berentzat, beren burutik kanporako bidean harrapatu ditu artistak eta era horretan plasmatu. Eta edozein puntutatik begiratuta ere berengandik alde eta etengabeko emate keinuan daudela dirudite.

Ikusten duzu herriko igerleak dioen alegia,
harrizko letra beltzez harrian idatzia.
Zer irakurtzen duzu horma handi horretan?
Zeuretzat idatzi du, zeuri zaizu mintzo,
zeuri dagokizu profezia hori.
Sinets egidazu: hor duzu gertatu dena
eta gertatuko denaren ezaugarria.
Ez dago letra bat alferrik: Amak
zutik behar zuen, Semeak zerraldo,
apostoluak halaxe,
eta halaxe hutsuneak eta halakoxe.
Profezia hau historia bait da eta historia hau profezia.
Denak daude gorantz (1) oraindik bizi direnak,
biziak itxaropena
behar bait du bizitzeko.
Hila dago bakarrik lurrerantz,
lurraren alde hil denez.
Ausar zaitez galdetzen (2 )
ulertu ezin baldin baduzu.
Zergatik idatzi du eliza hontako atari hau
kalbarioko profeziaz?
Zergatik ditu elkartu Semearen heriotza
eta amaren itxaropena?
Zergatik daude apostoluak zutik
buruzagia zerraldo badatza?
Hutsune nabarmenki handi hau
zergatik ez dago ilunez beztuta?
Herriko igerlea herritik mintzatu zaizu.
Bazekien bazentozena, bazekien zure berri
eta heriotzarenganako daukazun beldurra.
Eta horregatik jarri ditu zutik
hilaren ondoan denak
eta hila zeharretara etzana, baina altu,
hegadan bezala.
Zeu lasaitzeko idatzi du historia hau
gertatzen dena gertatzen dela,
zutik irauten jakin dezazun,
itxaropenetik sortzen delako bizitza;
ahantz ez dakizun
heriotza baino gehiago garela
sinesten dugunean;
bizitzaren aitorpen dakizun.
Baina jadanik aski duzu berpiztearen sinesmen lekukotasun hau
eta igaro zaitez jadanik horma honen atez,
edo horma hau den atez,
eta ikus berpiztea egia dela,
ikus nola gaztetu den Ama,
hila nola den berriro haur bat,
eta nola berriro dena hasten den, berrien berriz berriro,
udaberri bat bezala.

Eta zer esan Jorge berari buruz? Hiztun distiratzailea da, ideia eta burutapen
iturri agortezina, eta asmo eta amets erreka akaberagabea, baina baita bere lantokian edo langelan isilean orduak eta orduak sartzen dituena ere. Diodanaren lekuko naiz. Oraindik buruan sartuta daukat gorago aipatu dudan seminario zaharreko laborategian bakarrean eta esperimentazioan pasatzen zituen askotako goiz eta arratsalde osoak. Errespetuzko beldurra ematen zuen beregana hurbiltzeak, bere pentsamentu eta erreflesioetatik ateratzeak. Eta bere lagunok bagenekien isil-isilik lantegi hartan sartzen eta bakoitzak bere buztina pusketatxoa hartu eta hari bueltak ematen eta beharbada, lanean arituta gero, maisua ezertarako molestatu gabe geure beste eginkizunetara joaten. Jendeak uste duen baino erretiro eta bakarraldi gehiago egin ohi zuen Jorgek. Eta zer besterik? Jorge mugitzen den pertsona ere badela eta guztion antzeko bizimodua ere eramaten duela. Eta zer esan? Oroitzapenak bata bestearen gainean jartzen zaizkidala ikusten dut, eta tailerrean ikusten dudan une berean Goiko Bentan ageri zait han zuten gelan, kafea egiten. Kafea Itziarrek dagi, Jorgeren emazte eta andre gozo, azkar eta gustagarriak. Beharbada eztabaida bat dute eta ondoren Jorgek Itziarrengan jartzen du bere fede osoa. Jorge, galdetzen diogu: zer da eskuan dakartzuna? Eta Jorgek: Ez dakit, Itziarrek eman dizkidan bi pastila dira. Eta zertarako dira? Ez dakit, Itziarrek eman dizkit har ditzadan... eta ur piska batez hartu egiten ditu. Baina Jorge, dio Itziarrek beste batean, egia ote da hogeita bost pezetatxo berak ere ez dituguna? Diruz urri eta asmoz ugari ageri zaizkit. Jorgerengana noa orain eta bidean topo egiten dugu. Hospederiara gonbidatzen nau kafetxo bat hartzera. Nekatu itxurarik badu, baina pozak salto egiten dio begietan eta ezpainetan. Kafea ordaintzerakoan sartu du eskua poltsikoan eta, kafeari zegokiona zerbitzariari eman ondoan, txanpon batzuk erortzen zaizkio eta ni haiek altxatzen hasten naiz. Utz ditzadala eskatzen dit, eta erori zaizkionak gutxi balira, beste batzuk botatzen ditu esanez: Erratza pasatzen duenaren pozetarako. Ezagun izaten zen noiz ematen zioten soldata. Oteitza Arantzazun ez-ezik Irunen eta Alzuzan ere ezagutu dut eta berarekin eta Itziarrekin denboraldiak pasatu ere bai, eta haren purrustada, eta kexu klasikoen gainetik, hitz gutxitan esateko, honela ikusten dut:

Pentsamenduaren (3)
eta egitearen
abangoardian Oteitza,
bere garaiko
eskultore
konprometitu
eta balio unibertsalekoa.
Zentzu erlijioso
handi baten jabe
Oteitza,
landu dituen
harri blokeen tamainako
hitzak dituena.
Arantzazuko
basilikaren frisoko
harrizko poemaren autore
Oteitza.

Gaia 1: Artea
Gaia 2: Oteitza
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa