Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

GDA^

Zulo bat egingo dut. Aldia dut zulatuko aspaldian zehar, harik eta haurtzaroko Gabonen bazterra ikustera heldu arte. Gabon-bezperako airean intxaur apurtuen usaina ere badago, baina intxaur-saltsa egiteko arazook* eta amak berak hartzen zituen gu kanpoko zereginetan genbiltzan artean. Kanpoko argia laburra da Gabon-bezperan, suertez. Inoiz bada, gaur dugu guk sutondorako gogoa. Ilunabarrak ere bai, baina batez ere sukaldean amak ari dituenak garamatzate barrura. Gaur zeharo ilundu baino lehen du amak karburoa biztu [I] eta inoizko alaien du esan gabon. Gabon erantzun diogu sekulako pozik. Kanpoa ilundu ahala, barrua doa argituz hemen. "Aita, Hariztileunetik [II] ekarri genituen mukurrek* [III] bai su ederra!" Irribarre zabal batez erantzun dit aitak. Ohitura hori bazen gurean. Gabon baino askoz lehenago ekartzen genituen Gabon gauaz hasita Gabon-jaiak zehar erreko genituen mukurrak. Olio-azak, barraskiloak", txitxarroak, gabon-madariekin egindako konpotak-eta baino suak demait atentzioa. Betikoa zen gurean beheko sua, baina ez Gabonetan halakoa. Gabonetan ogi eginberriaren lehenengo zatia kontu handiz gordetzen zen eta su apartekoa egiten, zerbait berezia adierazi nahi zuen sua, Sanjuanetan goiko soro-ertzean egiten genuenaren antzeko zerbait-edo adierazi nahi zuena. Mendi artean galdutako baserri zaharkin hartan [IV] sua zen Gabonen misterio guztiaren sakramentu eta aldamenean gu inoiz baino argitasun handiagoaren barruan errosario, afari eta poz luzean. Aitak eta amak nahi izaten ziguten guri poz eman eta halatsuko giroz eta inguruz ematen ziguten.

Gaia 1: Gabonak
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Gabonak: Tradizioak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa