Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

GDA^

— Ei, Bittoriano!

«Abendu-mutil gara
abenduz-abendu»,

«Etengabeko abendu baten
horrelaxe bizi gara»,...


zere bizitza beraren tamainan maite ote duzun, nago, abendua.

— Ba, aizu, ez nizuke ezetzik esango. Bizitza zenbat eta zabaltzenago, bizitze propioaz zenbat eta jabetzenago, orduan eta gehiago maite dut abendua. Eta abendua maite badut, haren itxaropenetan ni nerau maitatua topatu naizelako da. Izan ere, gizaldien hari luzean, gizakien ilara guztien kateak ez ote gaitu gu geurok azken maila irekiak edo ta fruitutan aletu behar duten lore-muin zabaltzekoak?

— Hortaz, asetu on bat hartzen duzu abendu bakoitzean.

Bueno, zurubi bat zait abendua. Bizitzaren erripa batetik bestelako erripa batetara naraman zurubi itxaropenezkoa. Zurubian noan bitartean, itxaropenez bizi dut nere joana. Ospakizuna beste aldera iristean dator: gabonak zabaltzen du ospakizuna eta eguberriak bete, zelebratuz bete. Horregatik, abenduaren hogeitalaua zurubiaren azkena, ataurrea eta ate-zabaltzea da. Eta horrelaxe ospatzen dut goizeko Gorespenetatik hasita.

"Gaur jakingo duzue badatorrela Jauna,
eta bihar ikusiko Haren aintza"

esanez irekitzen dugu eguna. Goratzarre eta salmo, gorespenak abestuz zabaltzen dugu eguna eta itxaropen argitan zabaldu ere.


— Eta egunaren barruan sartuz gero, ezer apartekorik?

Bai, apartekoa egun osoa da niretzat. Eta anaidiarentzat ere baietz esango nizuke: denok halatsu ospatzen dugu behintzat. Eguerdiartea gogoetari emana bizi ohi dugu, zabaltzera doakigun misterioaren hausnarrean. Eguerdian eukaristia ospatzen dugu kalenda eta guzti...

— Ta zer da Kalenda delako hori?

Lehengo fraile-komunitateetan egiten genuen mezu-hotsegite bat da kalenda. Gizaldien kordan datorren itxarote luzeari kreaziotikan honantza helduz, Jesusen Belengo Jaiotzaren berri ematen digun aldarrikatze poetiko bat da. Hori mezaren buruan, pastoraletako doinuz abesten diot anaidiari –nik abestea nahi izaten dute– eta horrela, oles-giroan jartzen gara jada eguerdiko otordutik. [I]

— Eta arratsaldean erretiroari eusten diozue?

Bai zera! Bazkalostean, Olentzero zaharrari hautsak kendu, brusa-faltaz anoraka jantzi, eta hor goaz errondara eskusoinu eta panderoz. Horretarakoxe sortuak dituzu nere gabon-kantarik gehienak; eta sorta hori beteagotzen eta aberasten joango naizelako esperantza badizut oraindik.

— Gabon-giroa piztu. eta barreiatu, beraz, auzoan...

Bai, horixe. Oso gustora elkartzen zaigu Arantzazu bertako gazteria eta elkarrekin egiten dugu etxez-etxe errepasoa. Mokaduren bat eta txurruten bat edo beste ere izaten da tartean. Eta hori bukatzerako Basilikan ospatzen ditugun bezpera nagusiak gainean ditugu jada. Bezperak dira Gabonaren giltza, eta gustora, bai, oso gustora abesten dira bezperak egun horretan.

— Eta Gabon-afaria, afalondoko tertulia, eta kitto?

Ez, ez; ez dago kittorik hor. Ospakizunaren muina txastatzear garenean, nolatan kitto? Gauerdira iritsi aurretik, koruan juntatzen gara denok eta maitinak errezatzen ditugu argi eta erne: ez da inor logale orduan. Eta gauerdian, San Frantziskok Greccio-n bezala [II], gauerdiko meza. Orduantxe sartzen gara Eguberriaren misterioak duen muinaren mamian, hainbeste alderdi dituen misterio aberatsean. Alderdi horietako batzuk miatzea eta xeheki agertzea izan da nere poematxo hauen xedea. Ez dute izan bestelako helmugarik; bestelakotan ez nituen idatziko, agian...

Pello Zabala [III]

Gaia 1: Gabonak
Gaia 2: Arantzazu
Azpi-gaia: Arantzazu: Fraideak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa