Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ABG-1^

Martxoaren aurren egunotan
asko dira jada zelaietan
xutik jarri diren
belar izpitxo berdeak.
Zein pozek ditu ttenttetu?
Bide ertzetako sasi
eta han-hemengo sastraketan
txoriak, batez ere zozo,
beltz berriz jantziak,
alai dira nabarmentzen
hegaztada lirainez,
eta, aski altu zerbait diotelarik,
inoren presentziarik gertu
abiatu* dutenerako.
Egunotan jadaneko
txori talde handi bat da
goiza urratu orduko
kantuan hasten dena.
Asko dira
eta askotariko abotsez
bazter-une askotan dute
istrumentaria edotariko (1)
fin eta gozoa jotzen.
Argia da goiztartu dena.
Otsailaren hamar hamaikaz gero
goiza egunean egunean goizago jaikiz dator
eta argiak ditu dudarik gabe
bai belarrak piztu bai hegaztiak poztu.
Argia da egunaren alderik alde
luzatuz doana
ta, argiaren emaitza da
egun sentiko laino edo gandu hau gaindituz
datorren txorien kantatu behar hau
bultzatzen duena
birigarroen melodia gurena orkestratuz
eta belar izpien luxatu beharra pizkortuz.

Gaia 1: Izadia
Azpi-gaia: Izadia: hegaztiak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa