Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

UBM-1^

Egunero Metroz
gutxienez lau aldiz
egunero ibiliz,
tuneldura halako inguradura baten
zulo
-sentsazioa zaizu igarri gabe jabetzen.
Sabai altuak baino gertuagotik zaitu
hormigoizko uztaiaren bildurak babesten.
Egunero Metroz,
gutxienez lau aldiz
egunero ibiliz,
Metrora ematen duen kalea (1)
etxeko atari bailitzait dut zehartzen.
Gero Metroan sartzen naiz
eta handikan hara
betiko lantegian,
betiko lan-modutan,
betiko zortzi ordu
beti berdin ordaindutakoren abarotan barrentzen.

Egunero Metroz,
eguneko lau aldiz
egunero ibiliz,
Metroan irakurtzeko berri-papera hartzen dut
eta hartan sartzen naiz bagoitan baino harago,
bestek egin, pentsa. erabaki
izan duten guztiaren barrunbetan bilatuz
burua gordetzeko
nondik seguru joka abiabidea.

Egunero Metroz,
gutxienez lau aldiz
egunero ibiliz,
gustoa hartzen diot ingurua dagidan sabel berri honi
eta ez dut jaio nahi
eta ez dut hartu nahi
kanpo librera eraman nintzakeen eskualderik,
pentsa beharraren takataka astunean utzi bainindezake,
zeru handiaren azpi zabalpean,
neuk ere zerbait erantzun beharko nukeen paraje gorritan-

Egunero Metroz,
gutxienez lau aldiz
egunero ibiliz,
geroz maiteago dut kale sail zurrunetan
luzatzen den hiria:
egindako inguru jasankorra dit eskaintzen
kioskoz, dendaz, aloger egunerokoz,
legeak zaintzen duen bizi-modu martxaz,
jadanik bide denez ibiliz joatearen arazoz gainetiko
beste buruhauste ezertariko gabe.

Egunero Metroz,
gutxienez lau aldiz
egunero ibiliz,
ez nau eurik bustitzen,
ez haizek hotzeritzen;
kanpo aldetik ohi ditut euri ta haize
hots lo-arazleak jotzen:
"laborarien aire apala" (eskabide eskalan)
"alogerekoen soinu luzea" (zuzengabe largoan)
"politikako solfa errea" (andante geldoan)
osteko adar, arpa, larru jotze maestoso
osteko baten ostez oste.
Gero lo egiten dut.
Zenbat eta kanpo-giro latzagoa ta hobeto
egiten dut lo
loaren o-zulo
o
s
o
r
o
go
zo
tan,
go
zo
ro.

Gaia 1: Jendea
Azpi-gaia: Jendea: Bizimodua
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa