Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Berriz haserretu (1)
da euskalduna.
Irtenik da noizbait (2)
bere onetik.
Ai, fariseuak
ta hipokritak
eskandalizatuz,
berriz berriro.

Isilikan egon
dira luzaro (3)
injustiziaren
besotartean.
Han zuten bakea,
haren esnea
ezpain mutuetan
ez zen lehortzen.

Bai lehortzen zela
Euskal Herria.
Inondik ez zuen
bizitza urik.
Kontrako legeak
ta mesprezua
sartzen zien sardez
hagin artera.

Non zeuden orduan
non daude orain
pakea dioten
profeta horiek
gaitza zaharra bait da
gure lurrotan
argitan egina
habarrots handiz?
Sufritzen egona
asaldatzean
minberatu dira
saraokoak
beren bake hura
lardaskatu du
arnasaren eske
altxatu denak.

Ai fariseu ta
ai hipokrita
zertan ote zeunden
orain artean?
Atzerabiderik
jadanik ez du
askatu hala hil
gure burrukak.

Gaia 1: EHerria
Azpi-gaia: EHerria: Borroka
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa