UBM-1^
Madrilen enparantza ederrik badago, (1)
ederrenetakorik "Espainiako Plaza".
Dendunean du jasa
bidez, zuhaitzez, lorez,
lerroz.
Dorre ta etxetzar ikaragarriz
inguru iaio demasa.
Baina eritzi hontan ere okerrean nagoke agian. Ez ordea niretzako hala dela baieztean. Enparantza hontan, erdi-puntuan, Zerbantesi eta haren kreatura bikainenei eraikitako monumentu handi bat dago. Beharbada monumentua bera ere ez dut ikusten begirada oso kritikoz. Zertarako? Zerbantes eta haren Kixote parea neure barrutan dudan eratara ikustea nahiago dut; baina hala ere ez dit trabarik egiten monumentu berari begiratzeak. Horregatik etortzen naiz maiz honuntza.
Nire aurrez jende asko igarotzen da eta modu askotakoa. Gehienak monumentu aurrean jartzen dira une batetan argazki batzu atera bitartean juxtu eta gero alde egiten dute. Han eta hemen bankutan eserita dagoen jendeak aututan* dihardu gehienbat bakoitzak bere aldamenean duenarekin. Enparantza zaintzeko daudenek badute nahiko lan noiznahi zelaitxotako belarretan apatx egin edo etzaten direnak jeiki arazten. Hainbeste uso ta txolarre jaisten eta jasotzen dira plaza hontan jaitsi eta jaso takian-potiangotan*.
Gauzok arreta handi gabe ikusten ditut. Hemen gehien ardura didana monumentuaren ikuste gogoak damaidan bezalakoa dut. Jadanik urte asko da Kixotea irakurri nuela, baina hemen, barruan eta oroitzapenean dudanak bizitza bezalakoa hartzen dit eta ederki pasatzen dut. Burutapen askoren iturri dut errepaso halako hau. ELORRI idatzi nuenean bat baino gehiago harritu zen Kixotea aipatu nuelako. Olarra kazetariak honako hau-edo galdetu zidan Goikoventan: "Zer eman liezaioke Kixoteak euskal idazle bati?".
Kixotea parabola luze ta eder bat da niretzat. Hobebeharrez diharduen gizaki zintzo baten alegia, gizon eta gauzen, bizimodu ta gertaeren handitasuna ikusi ta sinestu beharrez bizi den gizon baten ipuin zoragarria.
Errealitateko zantarkeria oro haren begien bahez ikustea atsegin zait eta aldiz errealitateko izaki otxan eta xehe oro haren ikusmenaren iragaztontziz irenstea. Lapur galanta, Abaxi bezen ohoina (2) omen zen bentari hura jaun agurgarri bezala ikusi omen zuten Kixoteren begiek eta ahuntzainen iseka zakarrak begirune handiko diosaltzat hartu. Ostera artalde-aharitalde ostetan-eta ohi diren gaizkile ta erraldoiei begieman eta eraso zien. Besteak beste, interesgarri gertatu zitzaidan gauzei begiratzeko era bitxi bat ikasi nuen Kixotean. Harrez gero txitean-pitean* erabiltzen dut optika-zori hau eta zenbait ondoren nahiko aldrebes arren bapo doakit gehienetan.
Irri ta barre etorri eta barre eta irri aldentzen diren turista taldeok Kixoterenganako jaiera benetako bat dute zalantzarik gabe eta edozelan ere erromeria saindutan etorri zaizkio lurralde urrutikoenetatik erromes. Aututan diharduen hemengo jende honek Kixoteren oraindik oraintsuko ekintza eta berri zein baino zein bakanagoz dihardu noski. Irentzaile-txilibitu horik gorabehera, hotsandiko ipotx harrigarri haietako dira aurki* enparantza zain uniformedun purrustaleok. Belarditxotan esertzen direnok, berriz, gorte-jende sentibera ta biguna da seguru, ipotxen halako soinu ederraren moskor beroz belar ezearen freskotasun bila.
Txolarre eta usoei alabaina ezin diet begiratu gogor ez bada, mamu irensle ta mozorro hondamen zale pila baita haien itxuraz bestekaldean. Artalde-aharitalde haietan Kixotek ikusi zuen gerrari izugarrien bi ejertzito haietarikotan lurrez lur eta zeruz zeru ikusten ditut txolarre ta uso, Gernikaz zehar, Euskal Herria barna, lurralde guztia zeharo murriztuz. Eta Pentapolin Garamantaren alde eta Alifanfaron de la Trapobanaren aurka atera zen herri ameslari hura, haginak eta saihetsak hautsita lurrean ikusten dut hiltzakotzak utzita. Baina nola ez dakidala, ez eta nondiko mirariz, horra orain non ikusten (3) dudan Euskal Herria benetako osasun eta sasoi berri batez bakarrik baina gogor zuzi-marroen* aurka. Gainetikoa lehenean datza: Kixote bere zaldian, Santxo bere astoan, Zerbantes kolumna handiko jargoian*. Jaitsi eta jaso takian-potiangotan* ari diren txolarre ta usok ere ez lukete une batez amesgaiztoko beste haien errugabeko irudi izatez beste atxakiarik hurrean*, munumentuari burutik behera hainbeste kaka egingo ez baliote, gaixook.