UBM-1^
Susmo tristuragarri bat baino gehiago delakoxe;
begiok lausodura latz batek
lauskitzen dizkidalako.
Begiotako lausodura
begiz kanpo errealitate garratzagoa delako.
Gizonaren miseria delako,
ke mikatzaren antzeko,
begiok erretzen dizkidana
barrutik kanpora.
Gizona kanpoan dagoelako
gizatasunaren alferriko
gizon izate nekea dariola.
Modulo-sorta bat baino
gehiago ez delako gizona:
zatika saltzen den zerbait besterik ez delako, [I]
bere edozein trebetasun baino estimagarriago ez delako.
Gizonaren estimazio-neurria
bere zerbaitetarako balio izatean datzalako bakarrik.
Besoek, hankek, ahotsak, talentuak, kulturak, itxurak,
sasoiak, erabakitzen duelako
gizonaren estimagarritasun guztia.
Harginari buruan jarri dioten kaskoa
besoen motorra zaintzeko izan delako.
Besoak lanerako akitzen zaizkionean
kaskoa kendu egingo diotelako burutik
eta indarra galdu duen pilari baino estimazio gehiago
ez diolako inork egingo.
Avenida de la Paz, Las Ventasko zezen-plazatik gertu,
bazterrik bazter eta zubi zahar eta berrien zehar-zuloz
gizaki izatez kanpo besterik ezer ez dutenen mamuak
ikusten ditudalako egunero.