Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L3G^

Berrogeita hamar urte badira,
Apirilak hogeita bi,
lehenengoz Jauna hartu nuela
urrezko ezteietan, hi! [aurten urre ezteikari]
Ospagai dela bai derizkiot
horrelako egunari,
akordu zaharren baitan murgilduz
ekin nahi diot kantari.

Jauna, zuk ondo dakizu nire
orduko umetasuna,
ozta nekien don Nikolasi
ta osabari entzuna.
Apenas nintzen deusez ohartzen,
hain soil nintzen, hain bakuna,
zer-nolatsutan hartu zintudan
zeu zaitugu dakizuna.

Traje beltz batez jantzi ninduten,
tarrazka nituen prakaz [gogoko ez nuen prakaz],
egundo ez naiz ahaztu don Josek
egin zizkidan burlakaz;
Hospitaleko Bitorik ere
galdetu zidan algaraz:
"Bitoriano, nork jantzi zaitu
modu hortako erropaz? [aittita zaharren erropaz?]

Gusto duenak badu lekuko
orduko erretraturik,
Gernikan-edo egin zidaten,
ez dut horren akordurik;
aipatu dudan trajez gainera
badut beste adornurik:
hortxe naukazu guantez eta
bi gurutzez kargaturik.

Ume gaisoa, hor ikusten dut
nolakoa izan nintzen;
hordutik [sic] hona aldatu gara,
ez dut antz asko aurkitzen.
Nora begira ote nengoen?
Zer ote nuen sentitzen?
Begirakerak badauka zerbait,
samurtzen nau ta hunkitzen.

Harrez geroan hemen gabiltza,
ez orduan bezain xume,
garai batean bigun bagina
gogortu ginen errime;
seriotasun beltza jantzita
legekeriatan firme,
xuxenkerizko zenbait egintzaz
ez naiz batere konforme.

Egin dugunik ezin ukatu,
geure obren jabe gara;
zor genuena egin ezaren
zorra ere geurea da.
Eginbidean nola jokatu?
Sarritan dudarik bada!
Lotsarik gabe ezin gindezke
irten inongo plazara.

Jaunartu nuen egun hartako
bazkariaz oroitzen naiz,
osabak zuen zapateria
egokitu zuten zernahiz;
hainbeste lagun bildu ginen han,
oroit naiz berbarots alaiz,
bainan aitamen presentziagaz
ezin naiz oroitu garbaiz*.

Gurasoena jakin nahi nuke,
ez dit barkatzen barruak,
ez daukat berriz nori ezarri
oroitezaren karguak;
Nabarnizen ta aspaldietan
galtzen zaizkit akorduak,
ai, nork gogora lezaizkidakeen
egun hartako orduak!

Berrogei ta hamar urte ez dira
epe labur baten muga,
bitarte hortan oi zenbateko
mundu-mundukoen muda!
Pasatu dira ehun aldaketa,
berrehun moda ta zer guda!
lehengo ote naizen sarritan daukat
neure buruazko duda.

Lehendabiziko Jaunartzearen
urrezko eztei hauetan
erantzukizun handia daukat
dagozkidan egintzetan:
gaur ez naiz ume, bai fraile eta
apaiza ere urteetan,
kontzientzia egokiz ihardun
nahi nuke gauza denetan.

Apirilaren hogeita bia,
Jaunartu nuen eguna,
aurten Berpizte Pazkoa dugu,
sekulako jaieguna!
Berriz jaunartuz ospatu nahi dut
aurreko egun urruna,
inoizko fedez eta jaieraz
berriz hartuz gure Jauna.

Zeureganako esker onenez
nahi nuke arima jori;
idazu, Jauna, gerta nadila,
idazu grazia hori:
zeugana deitu nazazun arte
zakizkit ardo ta ogi,
bizi guztiko lagun nahi zaitut
neure jabe ta Jaunori!

1984 - apirila

Gaia 1: Biografia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa