Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L3G^

Oraindik urte asko ez,
neuk jaso nuen Gabonez
mendi hauetan historia bat
laster esango dudanez.

Lehengo artzain onen famaz
gustaturikan inolaz,
mila aingeru agertu ziren
mendi hauetako maldaz.

Artzain on bila zetozten.
Non dira? —galdetzen zuten.
Nik banenkien onik ez zela
baina ez nien esaten.

Hain zebiltzan hegabera
jo batera jo bestera.
Ardi galdurik aurkitu zuten,
artzain onik ez ostera.

Alde zuten noizbaitean.
Hau zioten joatean:
"Artzaiak hemen bastoak dira
Belengo haien aldean".

Ez zekiten nik hainbeste.
Toki onera zatozte!
Bastoak ere badira baina,
lotiak muxarrak beste.

Nonbait ez dute zerutik
ikusten gauza garbirik,
edo bestela inuzentzian
bizi dirade oraindik.

Zerbait jarriko dut hemen,
noizbait entera daitezen:
gaurko artzainak ez dira bizi
gautegun ardiak zaintzen.

Nahiz-eta galdu bost ardi,
gauza esango dut garbi,
lasai diote: "egunak bihar
ere egingo dik argi".

Halako gibela dute,
iharduten dira "al tute".
Hobe litzake ardi-ardura
biziagoa, balute.

Elur-ondarrak Lizartzan,
ardi gaixoak basatzan;
haien artzainak ederki daude
mahaian jarrita olgantzan.

Kolorez zuri ardiak,
artzainak berez zuriak;
txit garestia izan behar du
artzainaren izerdiak.

Txakurrari dehadarrak,
han dabiltza arramarrak;
ardi ondoren artzainik ez du
kostipatuko ifarrak.

Ilun orduko etxera
aitzakiak ematera:
kulpa lainoak edo txakurrak
edo-ta biak batera.

Ez bai da mamitzen urik
ezin lortu gatzaturik;
Marianjeles Gesaltzakoak [I]
badu zertaz lotsaturik.

Esnea bildu orduan
aurretiz ura kaikuan;
kaletik berriz itzuli die
urik baduten kontuan.

Bildotsak nahaste-borraste,
makaltxoenak "al traste".
Zaintzen ez diren artegietan
bada nahikoa kontraste.

Gaztarik bat noiz edo noiz,
edo, agian, ez inoiz;
igaz eginik ez dut ikusi,
aurten oraindik oso goiz.

Sobran dago kortesia,
bakoitzari merezia:
norberarentzat pasto librea
ardientzako hesia.

Pagortan antzigarra*, [II]
izotzak jota belarra;
ardiak baino artzainak dauka
mardulagoa bizkarra.

Onak daude aingeruak,
gorde ditzala zeruak;
ez ditzatela berriz ikusi
hemen beheko inguruak.

Alferrik Gabon-garaia,
utz dezatela bidaia;
hemen ez dute zertan agurtu
"gloria"-kantuz artzaia.

1981 - abendua - Gomistegin

Gaia 1: Laguna
Gaia 2: Arantzazu
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa