L3G^
— Pentsatu, Juan Mariri, goiza dela-ta tronpa jotzea, pentsatu nuen. [I]
— Gero, goizari buruz pentsatzen jarri nintzenean goizaren edertasunak jo ninduen.
— Ondoren, goizaren edertasun hori osasunez, pakean eta patxada onean gozatu ezin duen hainbat eta hainbestez oroitu nintzen.
— Aurrerago, goizaren edertasun hori gozartzea gizonak elkarri galerazten diogula ikusi nuen.
— Eta azkenean, goiza hor dagoela ikusi nuen, eder eta pozgarri, poz dagoela, edertasunez eta pozez, esperantzarako betiko dei, betiko desafio eta betiko agintzari edo promesa betikoz.
— Eta burlara ez, baina erreflexio serio batetara eraman ninduen.
Horra: (1)
Goizaldia: loreak
argi-abarretan,
iratzar-bidetan,
txoriak txinta garbiz
anitz bazterretan
eguna polikiro
kaskonduz airetan,
hodeiak kolorezko
lilura hezetan,
argi berri zertzeta*
berezko pozetan.
Egunez eguneko
miraria goiza,
zein gauza airosa!
arraiki datorkigu
ongile panpoxa;
dena da gozotasun,
dena da kareza,
izio digu baitan
argizko larrosa
zentzunei gozaraziz
parran bizi-poza.
Berezko dohain eder
egunerokoa,
jabe gabekoa,
gizon orok gozartu
zaitzakeen gozoa;
zuri ari natzaizu
esker onak joa,
gauzekin, gizonokin
hain zara naroa,
guztion izenean
dagizut bertsoa.
Agur zuri, goiz berri,
agur zuri, egun,
bizitzaren lagun,
itxaropen arrazoi
poz-emaile bakun;
mendera-gaitza zatoz,
askatasun itun,
guztiongana zabal,
dohako ondasun,
zubaitan [sic] giza-kantak
nahi nituzke entzun.
Batzutan hodei lodiz,
bestetan ozargi*,
yayo ta leinargi,
zure sortze bakoitza
beti da uztargi*;
lastima arma beltzen
hainbat tximistargi,
ezin zaitugu goza
nahi bezain ozarki*,
halere zeu zaitugu
etorkizun-argi.
Oi, gizon orok goza
zaitzakeen eguna,
zer gertakizuna!
Ez zaitez berantkorra,
ez eta urruna.
Ikus hainbaten pena,
mina, behazuna;
irina eskas dute
sobera beruna,
den horientzat noizko
duzu jaikizuna?
Amerika, Asia,
jo gizateria,
hain dago eria!
zorigaitzaren jasa
ez du huskeria:
gosea eta gerra,
mila miseria,
geografia osoz
oinaze-feria
gutizia medio
eta jaunkeria.
Goiza eta bertsoa,
txorien kantua,
landareen mezua,
horra indarkerien
kontrako oihua;
iraunkor ari dute
saio neketsua
salatu ta zapuztuz
despoten taiua
noiz ikusiko behingoz
gizarte justua.
Itxaropenez kanpo
ez dugu indarrik
hain asko izanik!
gari arlo handi bat
harresi gaberik;
bost kontinentez bizi
gara zanpaturik
dagokigun legean
burutu gurarik
geure ogi geureaz
esperantzaturik.
Ikuskizun iluna
ohiltzen duzun goiza,
ihintzaren jainkosa,
zeuk damaiguzu bidez
aurrerako poza;
haurren begietan dut
aitzen zure boza:
harako on-aroaz
ari duzun glosa.
Gaurtixe dut agurtzen
egun haren noiza.
Zeu zaituqu argia
maite dugunon poz
egu-antz erasoz,
kikilduak zuzpertuz,
eroriak jasoz;
bizitza estimaarazten [sic]
diguzu dei gozoz,
adorez zatorzkigu
maitazarre beroz
joko beltzak ebakiz
egia-hordagoz.
1982 - otsaila