Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L3G^

Martxo bakoitzez marti-zozoak* [I]
ziztu berri txanbelina*,
berebiziko bizi-prozesu
izkutuaren ekina;
izaki oro astinduz dator
bizi-ekai atsegina;
zein ederra den, eremu handiz,
puntuz puntu ernemina!

Negu-ondoko margulez gaindi
berdea ernez ari da,
belar-belarri gurietatik
laritzetara jaiki da;
insektu eta narrazti sailek
berrartu dute mugida,
lurrazal harroz zein bizkorra den
haien jasa ta pozkida!

Oi, bizitzaren zuzper-aldi hau,
oi, higidura gozoa!
barrutik gora ari du zirt-zart
zirrararen erasoa;
zer dela esan, zeri konpara
sentikizun hain jasoa?
Airean bertan goza daiteke
bizipozaren ezoa*.

Egunez egun alaiagoa
ageri zaigu lurgaina,
beteagoa baso ta zelai
jantziagoen usaina;
bizi-giroa nagusitu da,
galanta haren dohaina:
dena da berri, dena da irri,
dena irrintzi bikaina!

Harrigarria benetan dena,
hau izakien zirkina!
Ekin bizian ari da nonahi
zapa-zaplaren tintina;
mugimenduak ez du mugarik
Pinpirin*-xortaz aitzina,
oi, balusazko* bitxiak pizten
dituen txinpart birjina!

1983 - martxoa

Gaia 1: Urtaroa
Gaia 2: Izadia
Azpi-gaia: Urtaroa: Udaberria
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa