L3G^
Martxoak zortzi, Udaberria [I]
prestaketetan ari da;
zein bupera* ta zein alaia den
haren pausoen mugida;
txolindu ditu txori isilak,
kantuak dirdira dira;
baso ta zelaiz jarri du martxan
diren landareen pilpira.
Izadiaren pozak hartuta
kantuari nagokio;
hitzaren kimuz ospatu nahi dut
dakusdan hainbat ganbio;
oi, ezariko eraberritze!,
oi, bizitzaren jario!
oi, bistan dugun bizipozari
urrik emango banio!
Arboladiak, baso-zelaiak
bizitza-ritmo gozotan;
eguna geroz handiagoa
ama lurraren altzotan.
Zabal ditzadan begi-bihotzak
jai bezperan den auzotan
aldarrikatuz biharamuna,
goitik agurtuz zantzotan*.
Izadiaz bat pozten denari,
hari ere agur-kantak,
gauzen pozari bait daragio
halakoaren balankak.
Lastur, badakit zer daragizun
diodan aldi xarmantak;
urte askotan poztu zaitzala
martxoko pizte galantak.
Arantzazuko edozein goiz da
eskaini nahi nizukeena;
astaliliak* loretu ziren,
txakur-hortz* finak urrena.
Lehenengo susak erneak dira
zelai ta larrez barrena,
ahal baldin banu begien bistan
jarriko nizuke dena.
Atoz nerekin, gaiten abia
edozein bidez aurrera,
izango dugu dasaizudana
begiztatzeko aukera;
Goiko-ventako* zelaitan gora
nahi zenukela atera?
lorerik aurki genezake ta
susak ere bai gainera,
Erdi oskarbi, erdi estali
dugu zerua gainean,
paseo-giro hobeagorik
ez dakida daitekean.
Hor non dagoen sorgin-korru bat,
bada susarik arean;
hemen dago bat, Marti osoa
bertantxe duzu batean.
Xuri ta xamur, urtsu ta gizen
usaitu ezazu ondo;
plazer hoberik, nahiz badaitekeen,
ez da askorik egongo
Udaberriko esentzia da,
gorde zazu kontrabando;
jarrai gaitezen ikusmiratuz
txilar eta harbel ondo.
Nahikoa duzu oroit zaitezen
egindako ibiltaldiz;
deskuidoz egin hanka-lorratzak
kontu handiaz estaliz.
Nahi duzunean itzul zindezke
lanak norabait bidaliz;
aipatu gabe, ondo dakizu
non bizi naizen aspaldiz.
Otsobelarri* deritzatenak
ikusi ditut hor-hemen
bai eta beste zenbait loretxo
begientzako atseden;
berri ta bigun, oso-osoan,
eguzkitara han zeuden,
Udalehenaren atetan xutik,
albistaririk hoberen.
Arantzazuko parajearen
Martxoko edertasuna
horixe duzu dakarkizudan
mezua eta iharduna:
den-dena dago bizipozari
joria bezain bakuna,
mutikotatik maite duzunez
torizu haren gutuna.
1983 - martxoa