Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L2G^

Anaiok, agur! Ongi etorri [I]
otoitz-elkarte hontara:
Aita Imanol genuenaren
haintzazko ondraotara.
Bizitza maite zuen gizona
bizi da oraindik, hara,
fedeko bizi betikoaren
bizitza-modu hartara.

Giza bizitza heriotzak du
egiten ulergaitzena,
arrazoi oro gutxi da hemen,
baita ere asmamena;
hala-ta ere gure begiok
non dakusaten azkena,
hantxe da pizten sinesmenaren
argi ilun ta gardena.

Zentzu guztien gainetik dago
piztueraren fedea.
Ulerterraza ez bada ere,
ez da sinesgaitz ordea.
Jainkoak ahal du indargabetu
heriotzaren legea;
oinarri hortan sotengatzen da
berbiztez dugun ustea.

Zugan sinesten dugunez gero
baita Zure ahalmenean,
bizien Jainko Bizia zara
eman diguzun hitzean.
Zeure partaide egin gaituzu
Zeure Bizitza berean,
ez dezakezu Zeurerik utzi
heriotzaren menpean.

Bizitzaz mintzo bai zatzaizkigu
Berri Onaren Berritan,
dudaz jotako gure zentzuek
atseden dute Zubaitan [sic];
Zeugan ba dugu itxaropena
Zeure botere handitan,
aleluiari zabalik gaude
Piztu Denaren argitan.

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa