L2G^
Kreazioko gailur gizona
egin zuen Jaun Goikoak,
haren menpean jarri zituen
Lurra ta lurbirakoak;
gizonak baina bere antzeko
norbait nahi zuen gaxoak,
Jainkoak Eba sortuz zituen
ase Adanen gogoak.
Ebaren poza agertu zuen
Adanek oihuz orduan,
ez zen bakarrik, bere kidea
hantxe bait zuen gertuan;
elkartasunik fruitukorrenez
ugaritzeko moduan,
Goiko Jaunaren iruditako,
horra gizona munduan.
Ezkontideak elkarren ona
bai dute beren atsegin,
Jainkoak gure ona maite du,
gu gaitu Bere zeregin;
senar-emazteen batasuna du
maitasun irudi egin
inor daitekeen amoltsuena
Bera bait dugu gurekin.
Andre-gizonen hartu-emana
ederra bada benetan,
halaxe ari zaigu Jainkoa
emate azkengabetan;
Bere bihotza agertu digu
gizonokiko lanetan,
elkar maitatzen ikas dezagun
munduko gorabeheretan.
Zer ikusirik nahiko badugu
Jaun Goikoaren ekintzan,
zintzotasuna, eraman ona,
esku zabala egintzan;
gure pausoak Haren gogoko
bide egokiz dabiltzan
ikus dezagun nora eldu den
gure aldeko eskaintzan.
Bitor-Arantxen ezkontza dugu
egungo ospakizuna,
Jaun Goikoaren maitasuna da
guk begiratu duguna;
zorionaren atari dadin
zuontzat gaurko eguna
elkarrentzako bedi bakoitza
errukitsu ta biguna. [I]