Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L2G^

Antton Aramendiko [I]
nahi dut gaur aipatu,
nolakoa den eta
nor den esplikatu;
nahiz eta ezin dudan
aurrez oserbatu,
egiten duen lanak
ohi dit bistaratu.

Seminario bueltan
ari ohi da sarri
sastrakak kendu eta
larrosak ezarri;
hargintzarako ere
ez bai da elbarri
pareta asko ditu
egin harriz harri.

Aukeran ttikia da
gorputzaren neurriz,
lanaren manejuan
handia da berriz;
erleak aina fina,
suharra ausardiz,
parabolaz mintzo da
edo ta irudiz.

Zarata asko gabe
daroa bizitza,
barrean ez da gangar,
hizketan murritza;
gizon serioa da,
ez ostera itsa, (1)
humorezko zartadak
jotzen bai dakitza.

Erdi bakarrik ohi da
gehienetan ari
beldur-fitsik ez dio [ez bai dio beldurrik]
lanik zailenari;
aurten ezertan bada
segan da nabari,
a zer pasada dion
eman Azkartzari! [I]

Badirudi kanpoan
ari ohi zaigula,
baina eritzi hori
zuzen dezagula;
ikasle ere bada
guk ez dakigula,
nola lortu bestela
hainbat matrikula?

Dozenerdi titulu
baditu gizonak,
estudiatu gabe
ez datoz diplomak;
pixka baten baztertuz
txantxa eta bromak
itzalik merezi du
halako pertsonak.

Laguntzeko prest duzu
zeure premietan,
sekula ez da nagi
agertu horretan;
halere gusto hobez
ohi da batzuetan,
batez ere neskarik
bada beharretan.

Jai arratsalde oro
neskek kalera nahi,
bolantean hor dute
mutila beren zai;
taxista fina eta
hitz gozoko galai, (2)
almohada pila bat
duela altxagai.

Arrekin lakarra ta
urritxekin samur,
ganadu ttenttea da
ezproin eta kukur;
begiradaz neurtuko
zaitu luze-labur,
etzaizu kokilduko
egon zaite zihur.

Aiurri ta giharrez (3)
muttiko garratza,
ez dizu tankerarik
gozatu nahi antza:
bizarra utzi digu
iluna ta latza,
errespetagarria
dago gardalatza.

Mila dohaini esker
dohatsua denez
pozik ikusten dugu
hainbat gauza onez;
alturan baldin bada
txiki akzidentez,
sustantzian jigante
dugu zorionez.

Gaia 1: Laguna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa