L1G^
Santageda bezpera
ez dut ahaztuko nik
aita ikusi nuen
hiltzen, hil ezinik;
alferrik arnasartzen
egin ahaleginik,
aireak ez bai zion
asetzen barrenik,
ahozabalka ito
zitzaigun azkenik.
Han irten zitzaizkigun
begitan malkoak
non eta hartu zuen
azkenengo loak.
Ez dakizkigu asko
haren arazoak:
prostatan eta saman
minbizi gaiztoak.
Ez zuen lan handirik
eman gizajoak.
Ona ta konformea,
gizarte zalea,
hamaika ateraldiz
poztu du jendea,
Askok bai dute hartaz
egiten galdea,
jakin bezate behingoz
berri txar tristea,
jadanik nola eman
diogun lurpea.
Bazterrak bildu gara
hileta-mezetan,
hala zen bera ere
inoren hondretan.
Orain ez du otoitzik
ezpain zurrunetan,
baina badu nork ihardun
bere izenean
zoriona jadetsi
dezan zeruetan.
Joan zaigu gizona,
heldu zaigu pena,
etxean hutsuneak
betetzen du dena.
Humore oneko ta
karinotsu zena
bera zen famelia
argitzen zuena,
gau beltz bihurtu zaigu
aitaren galpena.
Bizi garen artean
oroituko dugu,
aita zintzo ez ezik
maisu izan dugu.
Gizartean xaloa,
lanean aiduru,
jatortasunik eder
erizten badugu,
haren ejenplu onez
zer poztu badugu.