4KO^
Irailak 14. Igandea.
Hamalaua du Irailak eta
Gurutze santu eguna
aurton igandez suertatu da,
nahi ta ez da jaieguna.
Gurutzearen zati jatorra
Liebana hontan deguna,
askok izan du laztandu edo
begiratzeko fortuna
telebistak du alderik alde
zabaldu elizkizuna.
Gora zu Gurutze deuna!
Arratsaldean eskurtsioa,
autobusez Fuente Dé-ra.
Teleferiko deritzon tresnan
paseatzeko aukera;
ni ez naiz lasai sartu kaiolan,
larri nago, izerbera;
alferrik dira Eusebioren
txolina eta tontera,
damua ahalmen gerta balitzait
egingo nuen atzera
lehenbaitlehen lurra hartzera.
Txirri ta txarrast han gindoazen
kable ta txirrika bidez,
hanken azpian amiltegia,
altura zulo eginez;
zelaia galdu genuen eta
harkaitz eta malkar gainez
han nintzen estu, tripak ahoan,
dardara geldiezinez,
tontakeriak belarrietan,
burua izu ta minez,
bestela nenbilkeen oinez.
Noizbait iritsi gara nolabait
arrano zulo hartara,
harkaitz trinkoa zapalduz gero
joan zaigu hotzikara;
balkoira ere atera nintzen,
bota nuen begirada,
zoru sendoan gustatutzen zait,
ez bait naiz jaio enara,
firme gainean behar du batek
kristau normalen erara,
oinezkoak ez al gara?
Mendi berriak ageri dira
goiko lautada gainean,
ikuspegia handitzenago
zenbat gorago garean;
askotariko harkaitz irmoak,
izugarrizko sailean;
tontorrak tontor, gailurrak gailur
zein gehiagoka antzean.
Belatxinga ta putre yayoak
zeruz zeru jolasean
goi jagi haien aidean.