4KO^
Irailak 13. Larunbata.
Ayestaranek ekarri zigun,
Ayestaranek eraman;
bera jarri da gaur gure maisu
gustatu ohi zaion eran.
Txakur zaharra da, badaki ondo
nola portatu ohi geran;
baina problema konkretuetan
ez da ausartzen ezelan;
horretarako hobe Lolari
balio aukera eman,
nik behintzat nahiago neban.
Fr. Zeferino, gizon santua
modosua inor bada,
kontentu asko zen Lolarekin,
nahiz beldur zuen sakada.
Miatu dizu zango ta beso,
modestiaz badezpada,
ez du ukatzen noizik eta behin
bota dion begirada,
hala behar da ondo ikusi
Jaungoikoaren alaba.
Esan bestela nola ba?
Hamairu ditu Irailak, hona
Gurutze santu bezpera.
Larunbata da ta libre dugu
bazkal ostetik gauera.
Haize piska bat nahi nuen hartu,
ez naiz irten ibiltzera,
baina horra hor tentaziotan
erori naiz goitik behera:
mendi maldari lotu natzaio
eta egin dut aurrera,
Biorna mendi gainera.
Han gurutzea, zementu hutsa,
Gurutze deuna halere,
Kredoa esan diot zutunik,
dena izerdi ta fede.
Hara bidea ez da gozoa:
txara ta malda sobrare;
baina sasoirik badut oraindik
bai eta goi-minik ere:
Hezierari eman natzaio,
hobetu nahia dut xede,
Kristo lagun, halafede.
Biornatik naiz, maldaz amilka,
jaitsi Mieses-eraino;
nire ezbehar ta zailtasunak
ez dira eten ondino:
Gaur karretera itxita dago
raili [sic] bat dela destino;
karreteratik ezin naiz igo
inolaz Liebanaraino
kaminoz behera irristatu naiz
barrengo kaltzadaraino,
noizko heldu etxeraino!