Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

4KO^

Urriak 31. Larunbata.


Gaur azkenengo eskurtsioa,
Urriak hogetia seia, (1)
eguzki irten berria eta
larrez unaina eta behia.
Makalak hori, pagoak gorri,
paisaiaz kolore-lehia,
mendi ta_haranez ametsera ta
malenkoniara deia,
goiz argi eta kristalezkoan
argi ta gauzen ezteia,
sakostetan* zuri leia.

Potes aldetik San Gloriora
begien gozamenetan,
paisajearen eragina dut
sumatzen lagun denetan;
udazkenaren goren loria
belar eta zuhaitzetan,
gailurreraino kolorea da
argi-itzalekin olgetan;
gailurrez behera paisaia bera
bitxi bizi bueltan bueltan,
fantastikoa benetan!

Riaiņorantza goaz jaitsiaz
kolorearen erreinuz,
hibaiko urak haziz dihoaz
bazterren ertzak zabalduz;
zorioneko ura dela-ta
Riaiņo ez dabil moduz,
zabaldi eder eta luzeak
hutsaren truketan kenduz,
dena nahi dute enbaltse egin
uraren azpian hartuz,
poderosoen aginduz.

Ibiliz eta joanez joan
horra Leonera heldu;
San Isidoro Leongoaren
ataurrean gara bildu;
Tesoro deitu bitxitegia
digute lehenik azaldu,
hau da marfil ta orfebreria
zoragarriaren bilgu;
hango pieza baliotsuak
ezin ditzaket isildu,
bai ederretsiz goraldu.

Ezin aipatu behar bezala
hango liburutegia:
pergamino ta esku-izkribu, (2)
inkunableen galeria;
modu onean jarrita zeuden
gozatzen zuten begia:
miniatura, letra, adornu
hainbesteren ageria,
baliotsua da toki hura,
ikertzaileen mindegia,
jakitunen guleria.

Kriptara jaitsi ginen urrengo;
hemen nabil hitzen eske,
kapitel asko ebanjelio-
eszenaz ikus daitezke;
Pantokrator bat dago itzela,
harrituz zurtu zaitezte;
agerpen asko ageri dira
apokaliptikoz beste;
okre ta more, azal ta hori
kolore bizi hainbeste,
ongi harritu gaitezke.

Erromaniko estiloaren
barruan aurkitzen gara,
Capilla Sistina [sic] deitzen dute,
ongi gaude ta gogara.
Arku, bobeda eta kapitel,
dena estilo bera da,
baju mardula da eraikuntza,
pilare eta arkada,
bere onean kontserbatua,
piskat margul beharbada,
baina miragarria da.

Hogei ta hiru errege gorputz
panteoi errealean:
Fernando eta Santxo Tercero
han daude beste_en artean.
Aragoitikan Leoneraino
zeuden Santxoren menpean.
Santxo hau, Santxo Nafarroakoa
halaxe zen izenean,
erreinu oso handia zuen
eraiki batasunean,
lastima hura hiltzean.

Pulcraleonina, hala deritzo (3)
Leongo Katedralari.
Mila bostehun ta bostean ekin
zioten eraikuntzari.
Han ageri da lerden eta_arin,
tajutu eta goilari,
gotikoaren gotikoa da
dena igo, dena jagi,
espiritua iratzartzen du
eta ipintzen du adi
gauzen gaineko goiari.

Fin egina da, ia gardena,
hain argiari emana,
ia harritan hainbat kristal du
bidriera ta bentana;
hormei masa ta pisua kenduz,
dena da argi afana;
gorako pozak eragin eta
gorantz egindako lana,
hain irtena da, hain jasoa da
hain bikain eta bakana,
merezia dauka fama.

San Markos ere ikusi dugu,
txit ikusgarria denez,
platereskoa dizu fatxada
filigranaz, bustoz, bestez.
Aita Andresi eskerrak, sartu
ginen etxe hain zelebrez;
kanpoz handi ta ederra bada,
zer dela esan barrenez?
Hango klaustro ta hango koruak
ez dira esaten errez
hain harrigarri direnez.

Kapitularra deritzon sala,
haren artesonadua;
marfilez egin Kristo bat ere
bazen han oso karua.
Detaile denak hemen jartzea
baliteke akabua,
etxandi hartan dena da galant,
ikusgarri ta rarua.
Eskerrak ezer hartu ez dugun.
Nork egin haren pagua?
Pozik egin dut barua.

Ikusi dugu "Santa Maria
del Camino" deritzona,
hainbeste gauza ikusi eta
nekatu heldu naiz hona.
Fatxada bete apostolu du,
nork badu bere diploma. (4)
Bada jenderik eliza_hau oso
ederra dela diona.
Dioten beste intereseko
nik ezin izan dut soma;
ez diot kenduko sona.

Leoni agur egin nahi diot,
ez nuen hainbat espero;
berriz ere nik nahi nuke_ikusi
piskat urrago balego.
Inpresio txit ona egin dit,
pozik ninteke bezero;
dena batera ez nuke gura,
bakoitzean zerbait-edo;
ez dut ahaztuko aurrerakoan,
maitea dut honez gero,
ederrean onik bego.

Gaia 1: Artea
Gaia 2: Biografia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa