Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

4KO^

Urriak 18. Larunbata


Perretxikotan joango nintzen
ez ote nintzen jardunda,
azken orduan Ruta del Cares
taldean nintzen izenda.
Denok batera ez gindoazen
gusto berdinik etzen da.
Hermida bidez ibili ginen
troka tartetik irtenka.
Cabrales-etik Poncebos-era
bide gaiztoa eginda,
ongi autotik irtenda.

Bitoriano, Jose Agustin,
Floretino ta Benjamin, [I]
laurok genion Caresko bide
gaitz hari gustora ekin.
Mendarte hura, heldu orduko
zitzaigun itzela egin;
baina ibili-ala handituz
zijoan latz eta gordin.
Hura itxuraz deskribatzeak
badu nahikoa zeregin,
egingo dugu ahalegin.

Zerua urdin, giro argia,
kare-haitzezko mendiak.
Augustok eta Abderramanek
damuz ezin errendiak.
Deskalabruzko ehun tamainatan
erraldoikiro geldiak.
Hazi ta bertan zaildu zituen
bentura ta aspaldiak.
Inoiz ez ditu hankaz zapaldu
inoren errebeldiak,
hain zail dira ta handiak.

Kontu egizu laino motroilo
handiak dituzula hor,
kontu egizu gaitzak direla
bai barren eta bai tontor;
egizu kontu itzel direla,
astun direla ta agor,
behean direla eta zehartu
behar dituzula bizkor,
egizu kontu lainotzar gaitzak
tarte bat duela zidor,
kontu ez zaitezen eror.

Laino ta odei motroilo tzarrok
horra hor non diren harri,
arrokak dira, eskergak dira,
handi dira izugarri;
harrizko mendi-tontorren gaindi
harkaitz tontorrak ezarri,
oraindik ere harkaitz mendirik
ipin ezazu gehigarri,
kilometrotan harkaitz ilara
han dijoa beldurgarri
larri bezain harrigarri.

Han gindoazen behean hibaia,
harkaitz-metak goi aldetik,
goia goi zela, be_hea barren zen,
beldurra bi aldetatik;
amiltegiak, jausi handia,
plomadan edo golpetik,
edertasuna handia bazen
arriskua ez zen polit;
han gindoazen arriskuk eta
ederrek eginik gonbit,
ikusminaren atzetik.

Parajearen izugarria,
paisajearen itzela,
ez da ezertxo; han kanala da
beldurgarri ta krudela.
Egizu kontu harkaitz biziko
giarrez egina dela,
ez zeri heldu, ez non gorderik,
ez defentsarik duela,
gerra galduta esperantzarik
gabe ireki zutela
beren buruen gartzela. [II]

Kanala kanal bidea bide
dena haitz zulakaitzean.
bide ta kanal bistan daude han
irekirik harkaitzean.
Mendien handi izugarria
ez da kabitzen hitzean
hala ezago kanal ta bide,
hain handi dira gaitzean
gizonen neke-minak han daude
ongi jarrita haitzean
pendiz haien pendaitzean.

Harkaizdi hartan ibiliz ibil
luzeran zenbat nork daki?
han heldu ziren Pedro, Joakin
Jose Luis eta Iņaki [III]
nonbait gose ta zerbait jatea
bait genuen erabaki,
jan genituen bokadiloak
ta garbitu boteila bi
gozo aurkitu genuen dena
bai edari ta bai jaki
tripazai onak izaki.

Bide zeharo arraro hartan
harritzeko gauza dena:
euskaldun asko topa genuen
mendarte haiek barrena,
jaten geundela pasatu bait zen
dama batzuen tandena,
haiek esaki ongi geundela
horra norbaitek urrena:
ongi zeudenak eurak zirela,
hau zen gauzarik gailena,
poetak badu baimena.

Ibili ginen, ibili-ala
bidetxur larri hartatik,
kilometroak hamabi dira
irakurriz gero dakit.
Noizbait Kaina iritxi ginen
luze ibiliz gogotik,
bidean lasai gindoazela
zu_hurtu gaitu zenbait harrik
Erezumari pasatu zaio
harri kozkor bat paretik
justu libratu golpetik.

Kafea hartu dugu Cainen
eta jendeaz hitzegin,
txit harriturik geratu gara
Caineko mutilekin,
hogeitahiru mutilek du han
ezkontzeko beste adin,
baina neskarik ez dute gura
nonbait haik mantenu ezin,
lana nahi zuten neska baino lehen
lanbide on baten ekin
norbait ezkondu ahal zedin.

Cainez kanpo irten gara ta
San Gloriora heldu nahi.
Gure txoferra kafe ta kopaz
abiatu da txit alai.
San Gloriora aldapa omen
gu aldatz behera ta lasai
ai, San Glorio zoriontsua
Riaņo dugu ikusgai,
buelta hartuta dale aldapa
sakatu dio autoai
San Glorio da orain bai.

Hona hartzaren monumentua
horra basurdeen uxarra,
baina ta mendi gain hartan bada
gauza bat guztiz edarra:
ingurumari oso zabal bat
ageri da txit nabarra,
mendi ta basoz kolorea da
sakona eta azkarra
zeru eta lur elkartu dira
udazkenaren dardarra,
argi indarren txingarra.

Hor bukatu da gure txangoa,
hor bukatu da gaurkoa,
etxe aldera abiatu da
aldapaz behera autoa.
Florentino da gidari berri,
Joxagustin lotan doa,
egun ederra pasatu dugu
zirraraturik nijoa.
Ez dut ahaztuko Cares-bidea
ez eta hango harroa,
inpresio handiz noa.

Gaia 1: Izadia
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Izadia: Mendia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa