Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

HGB-2^

Gure egia [I]
ez dute ikusten
edo ez dute nahi
egiarik ikusi.

Gure egia
geure Herria da
Herri bezala bizi nahi
dugun egarria.

Zenbatak*
ez du zer-ikusirik.
Eskubidean
arkitzen garenok
daukagu bakarrik
arrazoia eskutik.

Herritasuna
saldu dutenek
edo saltzeko gertu
daudenek,
sal dezatela.
Baina
nahi ez dugunok
gaitezela
gure eskubidean
errespetatuak.

Hor duzu Kondaira,
Hitz zaharrak
Europako lehen
gizonen garaikoak,
Herritik sortuak,
harkaitzetik hartuak,
iturritik..., zuretzat.
Lehenik maite baduzu,
lehenarekin oraina
nahi baduzu lotu,
hor duzu hizkuntza,
hor duzu Kondaira
ta Kondaira-giltza.
Ahoz aho datoz,
semeak aitagandik
zituen ikasi
ta, inoiz eder batean,
jalki zizkion maite
zuen neskatxari
eta harek, haurtxoei.
Ortze, lur, itsaso
esan zuten
ortze, lur, itsasoz,
ondu zituzten
hitzaren barru ta inguru.
Zer gehiago nahi duzu?
minak, pozak, nahigabeak
badituzte izenak.
Ilunak, egunak,
bizitzak, heriotzak
badituzte izenak.
Hizkuntza osatzen duten hitzak,
gizonak sortutakoak,
gizonaren era ta neurrikoak,
gizonaren barruko egintzaren
emaitzak.
Egin zutena idatzi eta
hil ziren herri haundiak.
Euskaldunek ez zuten idatzi
egin zutenik, baina
hitza ziguten utzi,
hitz bizia,
egite guztia
beregan duen hitza.
Ez duzu ikusten
hitzean dagoela
gizonen egiterik handiena?

Niganaino zara heldu.
Ez zaduzkat besoetan,
bai, ostera, erraietan.
Niganaino zara heldu,
belarritik bihotzera.
Barruz barru biltzen nauzu
Euskal herri zaharrarekin.
Begi bat zaitut ariman,
kondairak ez duen
alkantzu luze batez,
hizkuntzak duen funtsez,
tankeraz eta aidez.
Niganaino zara heldu,
gizaldiz gizaldi,
harritik Herrira
izpiritu-zubi.

Gaia 1: Euskara
Gaia 2: EHerria
Azpi-gaia: EHerria: Nortasuna/Jatortasuna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa