HGB-2^
Handiaren arrazoiak
ehun ta hamar dira
ta denak handiak.
Txikiaren arrazoiak
ez dira berriz arrazoi
baizik lotsagabekeriak.
Zeren eta txikiak ez daki
azpian hartzen badute
isilik egon behar duenik
edo handiari eskerrak
eman behar dizkionik
hankapean zapal
zapaldu duelako
mesedeagatik.
Eta txikiak ez daki
handiari gogoak eman dizaiokeenik
ez duela utzi behar bete gabe inondik,
zeren handia duen lege bakar eta handi, (1)
eta horregatik.
Eskerrak jadanik
gelditzen ez diren
txiki gutxi baizik,
zeren eta Erregeren
profetak ez bait dira saiatu izan txikiak
eskolatzen alferrik.
Eta hala, jadanik
handiari arrazoia ematen diotenak
gehientsuenak dira,
ehun eta hamar arrazoi eta gehiagogaitik: (2)
Zeren eta handia
handia delako;
zeren eta txikiari arrazoirik ematea
arriskuduna delako;
zeren eta handiagandik beti ere hondakin goxoren bat-edo
espero genezakeelako;
eta abar.
Zeren ehun eta hamar
diren gisa hontako
handiaren aldeko arrazoiak.
Zeren eta hauek diren Erregeren profeten
profeziako profeziak
erreinuko bake justu baterako.