Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

Ik. Olerkiaren konposizio grafikoa .pdf formatuan

HGB-2^

Txakolinaren ospakuntza 1



Eszenario eta oharrak (1)
BAT-Gizona
BI-Gizona
Upela
HIRU-Gizona
Deiemailea


1. Giro-arazleak, sarrera eman ondorean, bere lekua utzi eta alde egiten du.
2. BA-G, BI-G, H1-G hesiz inguratuak ager bitez, eta azkenengo zurruterako, upelera hurbil bitez, hesiak alde batera utzita. Han klink egingo dute Deiemailea-rekin batera.
3. Kantuak Deiemailea-k zuzenduko ditu.


—[1. olerkia (HGB-2, HGB-1, 17)]—

Lehenengo zatia

Entzuteko belarririk duenak
entzun beza.

(Giro-arazleak irakurtzeko)



Euskal Herrian ardo
txartel guztietako
asko edaten da,
ardoa edan egin behar delako
ta zorionez ardo
-zale garelako.

(Ta ipuia hasita dago)

Euskal Herrian ardo
Herriko bat badago;
baina Herrirako
Herrian sortzen den ardoa
ez nahiko ardo.

(Ta ipuia bukatzen dago)

Bitatik bat dago:
Herriko mahastiak gehiagotu
ala
kanpoko ardoz baliatu.

(Ta ipuia hor dago) (2)


—[2. olerkia (HGB-1, 2. or.)]—

Euskalerria eta txakolinaren arteko berdintza (3)


(Giro-arazleak irakurtzeko)


Euskalerria Herri da.
Herri nahi ta ezina.
Nahi ta ezin honek ematen dio bizitza Euskalerriari.
Herri asekabea, mikatza.
Izan nahi larri hori barik ez dago Euskalerririk [Euskalerriarik]
Suzko arima ase ezin garratza du Euskalerriak. (4)

Txakolina ardo da.
Mikatza da.
Ardo nahi ta ezina.
Nahi ta ezin hau du bere tasun bereiziena. Heldueza.
Ardo asmotako ardo ezina. (5)

Euskalerriaren mikaztasunak arima erretzen du, txakolinak bere mikaztasunaz ahoa erretzen duen bezala (6). Ardo pobrea da, ardo nahi lukeena (7), baina beste ardoen artean ardo ez dena, baina ardo dena halaz ere. Euskalerria Herri da Baskongadas barruan, arima delako, kontzientzia delako, samin delako, urduritasun eraman ezina delako. Euskalerriak ez du bozkariorik ematen: kixkali egiten du. Izan nahiak ematen dio izatea [bizitza].


—[3. olerkia (19-20 or.)]—

Bigarren zatia
Deiak eta erantzunak

(Deiemaileak egokitasun ageriak kendu egingo ditu)

Deia:
Heltzera heldu ez den Herriaren
heldu-egarria
minez nabaitzen dutenen
egarriko ardoaren ospatzea
egin dezagun.

Erantzuna:
Ospa dezagun
txakolinaren hartzea,
heltzera heldu ez den Herriaren
heldu-egarria
garrazki geuretuz.

Baterako abestia:
"Txakolin, txakolin,
txakolinak on egin.
Guztiok edaigun alkarrekin".

Deia:
Edan dezagun euskal
-nahi ta ezin luzeetako
mahastietan bildutako
nahi ta ezin hain gordinen
txakolin zahar zatartutik.

Erantzuna:
Edan egin nahi dugu
Herri asekabe ta mikatzaren ardoa.

Deia:
Ahoa erretzen du txisparen
mikaztasunaz, (8)
Herriaren mikaztasunak
arima erretzen duen bezala.
Ez du atseginik ematen,
Euskalerriak atseginik
ematen ez duenez.
Kixkali egiten du.

Erantzuna:
Mordo garratzez egiten dugu
Herriko ardo txolina.

Baterako abestia:
"Biotza pozez betetzen da
txurrut bat harturik
ez dago inon holako edaririk.
Txakolin, txakolin ..."

Deiemaileak:
Bota txakolin hori
txispatu gaitezen alik,
hil usaina uxatu
dezagun aldetik,
albotik, alditik,
betiren beti, Herritik.

Erantzuna:
Herriaren ardoago ezina,
ezin minenen atsegin minez
bizkor bezaigu
Herri-grina.

(Lehenengo zurruta eta ixtant isil bat)


—[4. olerkia (HGB-1, 21. or.)]—

(Pentsamendua altu esanaz)

Deiemaileak:
Herriak bildur dio (9)
heriotzari.

Bat, Bi, Hiru-Gizonak:
Gu gara heriotzari
bildur dion Herria.


—[5. olerkia (HGB-1, 21-22 or.)]—

Deiemaileak:
Nahi ta ezina du bere
tasun bereiziena.

Erantzuna:
Baina ardoa da,
baina gabeko ardoa;
Herria baina gabe
Herri den hainakoa.

Deiemaileak:
Baina
Herria Herri den haina
tamaina
berean gordina.

Erantzuna:
Baina euskal-mina
txakolina baino
ardoago da.

(Bigarren zurruta eta isil-unetxo bat)


—[6. olerkia (HGB-1, 22. or.)]—

(Pentsamendua altu esanaz)

Deiemaileak:
Herriak, hil ez, baina
bizi nahi du.

Bat, Bi, Hiru-Gizonak:
Gu gara inoiz hil gabe
bizi nahi duen Herria. (10)



Hirugarren zatia
Asmoak eta berriketa


Topa:

—[7. olerkia (HGB-1, 23. or.)]—

Txakolin ondar hau
aidean dudala,
Herriko ardoari
nahi diot kantatu.
Mahastian goratzen dut
gorrinarekin burrukan;
dolareko nahigabe
gorrien harrian,
upeleko ilunbe
hotz eta luzean
eta ontzi hontan,
jadanik aidean,
jadanik txisparen
poza dizdizari
duen ordu hontan.

Gora txakolina
ta damaidan poza
ta pozaren hitza
ta hitzaren bizitza
ta bizitzaren bitsa
dugun bizi-nahiezko
bizi gaituen gaitza.


—[8. olerkia (HGB-1, 24-26 or.)]—

Bat-gizonak:
Txakolindun, etzazu
atertu txakolinik.

Bi-gizonak:
Bota berriz ere,

Hiru-gizonak:
«gutxi ta sarri», segi
sarri, batez ere.

Bi-gizonak:
Txispaz. Ea txispa.

Denak:
Bai, txispaz. Halaxe.

Bat-gizonak:
Edan alaitu arte, (11)
kantuan hasi arte,

Hiru-gizonak:
bertsotan ekin arte,

Bi-gizonak:
poza dihoan arte,
neke-mordoekin
nahi ta ezin dugun
mahats gordinarekin
ontzen dugun etxeko
ardoaren poza,
txispaz dihoan arte,
lotan daudenenganaino;

Hiru-gizonak:
ze goizaldea da,
edo goizalde behintzat
izan behar lukeen
ordua behinepehin.

Bat-gizonak:
Gaua nahi dugu hautsi
bertso berriz

Bi-gizonak:
eta hitza askatu
lasaitu dadin noizbaiten,

Denak:
erten dadin noizbaiten

Hiru-gizonak:
lizuntzen dihoan
isiltasun espetxetik;

Bat-gizonak:
mintza dadin noizbaiten
gure bizi nahi biziz eta
ez hil nahi biziagoz.

(Isil-unea)

Bat-gizonak:
Aitor dezan aidean
Euskal Herri bildurtuaren
musua nahi dugula
ezpainetan hartu

Bi-gizonak:
eta ezpainez ezpain eraman
—bildurrik gabe jadanik—
egungo amengandik
biharko amengana;

Hiru-gizonak:
gure pausoen hotsa
nahi dugula etxean

Denak:
ta, Herrian gure abotsa.

(Isil-unea)

Bat-gizonak:
Bota txakokin hori
txispa gaitezen alik,
hil usaina uxa
dezagun aldetik,
albotik, alditik,
betiren beti, Herritik.

Denak:
Txakolindun, etzazu
atertu txakolinik.

«Txakolin, txakolin ... »

Bat-gizonak:
Nahiaren edari gordin
heldu ezinez egina.(12)

«Txakolin ... »


—[9. olerkia (HGB-1, 27. or.)]—

(Pentsamendua altu esanaz)

Deiemaileak: (13)
Herriak betirako
bizi nahi du.

Bat, Bi, Hiru-Gizonak:
Gu gara bizitzen bizi
bizi nahi duen Herria.

________________

EGS^
HGBS^

(Gaztelaniazko itzulpena aparteko orria)

Gaia 1: EHerria
Azpi-gaia: EHerria: Txakolina/ardoa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa