HGB-2^
Esku finak badituzu
kontuz: bertsuok ez hartu.
Eskaiola ta buztina,
tupiki* ta zipriztina,
besterikan ez dituzu.
Tailer bateko kantuak,
lana pozteko sortuak.
Apunte batzuk bait dira, (1)
egin-arauak balira.
Meditazio-puntuak.
Batean labe ondoan,
bestean andamioan,
ibili dira bertsuok,
zikindu dira eskuok.
Hautsa genun baranoan*.
Ez dut garbitu gaur hitzik,
ez dut nahi seinoritorik.
Hasitako lana ez da
oraindik bukatu bai, ta,
beude lanekoz jantzirik.
Lanekoz eta lan-zale,
nekearen beldur gabe.
Izerditan lurreraino
lurra beroz bustitzeraino
Herria konpondu arte.
Esku finak badituzu,
kontuz: bertsuok ez hartu.
Oteitzaren tailerreko
zikina dute aldeko,
Koldo-k ez bait zuen garbitu. [I]