HGB-2^
Egon gaude,
baina egonean ez.
Ez genuke egon nahi.
Egon nahi-ezez gaude egon,
egon nahi ezaren
egon beharrezko nekez.
Hitza
zapaldu digute
txorikuma bat bezala,
eta odola
hankapean darabilkigute
ohartu gabe,
edo agian gorrotoz.
Ukabila lotu digute eta ezin dugu (1)
ukaldirik eman.
Begietara
ikuspegi tristea azaltzen zaigu.
Abotsa, hotsik gabe,
arnasa agor bat bezala,
urratuetatik hustutzen zaigu.
Oinak
ahul eta labur ditugu,
bideko hautsetan dira trabatzen
eta batabestearen ondoren erortzen gara. (2)
Badakigu urak non biltzen diren
ta gorroto dugu tokia,
gure batelak han, ilunpetan,
irensten dituelako.
Gure kantua?
Zorna bat bezala lehertzen zaigu
azalpean ustelduta.
Nekez jaikitzen gara goizean
eta gauaz nekeak botatzen gaitu hildora.
Kutxilopean dugu arima,
gure etsaien pentzura.
Adar eroriak pilatzen ditugu egunez
ta sutan erretzen dira gure nahi guztiak,
eta hautsa geratzen zaigu
afari ordurako.
Sabelak
goseak handituta dauzkagu
ta izpiritua ilunez beteta. (3)
Adiskide,
gure Herrian behar bada,
ez da izango hilobirik ere guretzat.
Beharko dugu zingiretan-edo
izkuta gure hezurrak.
Baina guretzat jadanik
Herriko edozein kale da
zingira
ta hango edozein etxe hilobi.
Gizon arrotzek
barreiatuko gaituzte
ahaztu nahiz gutaz.
Adiskide,
gauean gure haragietan
geratuko dira gure etsaien hanka-markak,
eta egunez,
atzerriko argi ergelak itsu gaitzakenean, (4)
ibaiek eta haizeak itoko dute gure negarra.