Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

Hegats^

Azaroaren hemeretzi honetan,
eguzki narrasa,
bizi-bizi dago. (1)
Gogotik erretzen du burua,
aukeran, ekainekoak baino
izpi beroagoz.
Argi dago arkazien azpia
eta garbi.
Haizeak jaso eta eraman izango ditu,
bakarrik ere utzi gabe, (2)
jausi zaizkion orriak.
Dena dago, beraz, argi eta garbi
eguzki kiskalgarritan.
Badirudi eguraldi oskarbien bezperan gaudela,
albitzen* lasto hori eta iharrengatik ez balitz,
bide ertzetako ira kiskurrengatik eta
nekosten itzal hain luzeagatik ez balitz.
Une batez gustora ahazten gara
zein garaitan bizi garen.
Une batez eldarnioari, lilurakeriari eman nahi genioke lekua.
Neguan sartu nahi genuke udagiroa
eta buruan oraindik gazte garen uste gaixoa.
Gorputz jada baldartu honegatik,
ez balitz,
eta batez ere, hainbeste egun, hainbeste
bizitza jan didaten
urteongatik!

Gaia 1: Urtaroa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa