Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Haizetan, euritan, eguzkitan
erdi bi, lau zati, arrakalatu egin den
olazi (1)
erdibi, lau zati, arrakalatutako
barru-giro
erdibi, lau zati, arrakalatu hau
holaxe dago jadanik
erdibi, lau zati, arrakalaz bete.
Ezin dezaket ezer egin
Haizearen bideak ez daude nire eskutan;
euria nire nahiaren eta nahi-ezaren
gainetik dago;
eguzkiak bere bide eta ibilimartxa bereak
daramatza nire gurariak gorabehera.
Ni sujeto paziente izatera beharturik nago
nire inpazientzia guztiak gorabehera,
baina nik, erdibi, lau zati, arrakalaz bete
nere eta gure gainetik dauden indar guztien
lekuko iraungo dut
haizeak, euriak, eguzkiak eta abarrek
erabat zarta, honda, desegin nazaten (2)
arte.
Ez dut ezer konprenitzen, ulertzen esan nahi
dut
Tonto jaio nintzen eta ez dut tontotasun
oskolik hausteko indarrik izan
eta inork ez du izan tontotasunetik atera ahal
nintzakeen (3) besteko indarrik.
Eta tonto guztiak bezala tematsu naiz,
baina etsi dut tonto izatera.
Eta soroetako txorimalo itsusiak bezala
ikusten dut neure burua eta barre dagit
abenduko artasoro murriztuen gainean
txorimalo itsusienak barre egin dezakeen
antzera
baina nik ez artoetan (4), politikoak biltzen
diren parlamentuetako aretoetan baino,
ekonomistak biltzen diren komertzio-ganba-
retan baino,
jende arrunta eta behekoa begiramendu
gabe zarrapastaka darabilten (5)
biltzarkide banpiroen erditan baino.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia perts.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa