Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Ez nago bertsotarako.
Astiunetako lasaitasuna
beti dut irudi ohi kanporik gozoen
fantasian barna ibiltzeko,
han otu dakizkidakeen burutapenak
orduan begitanduko zaizkidala espero ditudan irudiak,
orduan nituzkeen iradokizunak
elkarganatuz, elkarren artean konbinatuz,
nahastekatuz,
bata bestean txertatuz, bateratuz, eraldatuz
kreatura berri halakoak moldatuz,
jolasteko ordu, jostatzeko denbora,
une batez bizitzan zoriontsu
eta aske eta paradisuko seme
neure aireko senti nintekeen
aukera eder eta azkengabeko bezala.
Astiuneak ditut bizitzan
maiteen ditudan helburu opagarrienak,
bizitzan zoriontasunik goren eta pozgarrienak
eman dizkidaten abagaduneak.
Astiuneak ditut nahien ditudan
paraje liluragarrienetara irteteko eta barruratzeko
ate nagusi hunkigarrien eta arraienak.
Baina astiune-atariotan
izan ditut desengainurik itsusienak ere.
Halako antsiaz irrikatu dut,
halako astrapalaz* ihardun dut behin eta berriz
astialdiaren parada lilurazko
honen ondoren,
eta lortuaz bat horra non ikusten dudan burua
atea igarotzeko indarrik gabe,
hegorik eta arnasarik gabe,
kristal argi baina blindatu baten osteko
ikuskizun harrigarri baten aurrean,
ezinaren kontra gauzaeztu den
porrot-kume triskatu* malder* eta zorigaitzeko,
begira baina alferrik, sor eta trokots*
eta bertsoak, bertso bat ondu ezinik,
poesiaren zelaiz ninderamakeen
pegaso kementsu batera igo ezinik
Rozinante akitu baten ondoan
etsipenak jota gogoeta ilunetan barrendurik
noizbehinkako amets zorion prometatzaileen
ondorio hondakinezkotan hotz, busti,
eta ahul, hemen nago barruak
ganorazko ezertara laguntzen ez didalarik
jadanik inorantz begiratzeko gogorik ere
gabe neure barruko gauaren
gauak kokilduta.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Idazlea
Azpi-gaia: Bizitza: Astia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa