Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Bide zaharrok
noizbaiteko artegi
eta esparru hondatuok
astailarrak, oteak
eta txarakak jantzi
harrobi aspaldikoak
hemen, edozein muino
ta mendi-maldatako
babesgunetxotan,
bertan behera eta ahazturik,
hauexek ditut nik .
lehengo gizaldi apalen
lekuko maitagarri
eta hurbil. Euren
esankizuntxoak ditut
entzunkizun eta neure
ezjakinean haien
noizbaiteko bizialdiz
egiten dut amets
eta badakusat jende
saiatuz, jende
sufrituz, janez eta jantziz
eta atsedenez urri
bizi zen jende sentimendu handikoz
arduraz zaindurik
artalde txikietako
ardiak kontatuz
sendatuz, eraitsiz (1)
harrobietako haitz-zirristuetan
zurezko ziriak tinkatuz
harri-mokorrak arbastuz*
argitik argira lanean
bustita sarri edo izerditan blai eta zikin
ipuinen munduan murgil
jaiegunetako atsedenaldi laburra
eta beste gozamen asko gabe
bide zaharrotan zehar
esparruon ingurutan
harrobion inguru
harri potortsuetan.

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa